Tolosa CFren pala lehiaketaren txapeldunak ezagutuko dira bihar

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 23a, 15:59
Bigarren mailako finalerdietako protagonistak. Goian, Gonzalez-Iraola eta Laso-Beloki. Behean, Zelaia-Salegi eta Irigoien-Martinez.a

Tolosa CFren 51. Pala Txapelketaren finalak jokatuko dira, bihar, asteazkena, Berazubiko frontoian, 19:00etatik hasita. Hiru final jokatuko dira: emakumeen txapelketa, eta gizonezkoen bigarren mailakoa eta lehen mailakoa.

Emakumezkoetan hiru bikotek parte hartu dute eta beraien artean ligaxka jokatu dute finalistak erabakitzeko. Hernani elkarteko Ekhiñe-Eider eta Intxurre elkarteko Agirre-Aranburu iritsi dira finalera.

Bigarren mailatik finalistak Iraola-Gonzalez tolosarrak eta Garbisu-Martinez beratarrak izango dira. Irigoienek Garbisu ordezkatu zuen finalerdian, eta Martinezekin batera Salegi zumaiarrari eta Zelaia tolosarrari irabazi zioten. Iraola-Gonzalezek Laso astigartarrari eta Beloki andoaindarrari irabazi zioten. 18 bikotek parte hartu dute txapelketan. Lau multzo egin dira, eta lehenengo bikoteak final-laurdenetara pasa dira, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek final-zortzirenak jokatu dituzte.

Lehen mailako finalean Anoetako Luixa anaiak eta Andoaingo Eskudero-Loidi ariko dira. Lehen aldia da finalera iristen direnak. Finalerdietan, Eskudero-Loidik aurreko urtean bigarren mailako txapeldunak izan ziren Aldazabal-Maiza tolosarrei irabazi zieten. Luixa anaiek iazko lehen mailako txapeldunei irabazi zien, Zabala gazteluarrak eta Gereñu gasteiztarrak osatutako bikoteari. Zortzi bikotek parte hartu dute maila horretan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, eskualdeko zein eskualdetik kanpoko pilotariek parte hartu dute. Gipuzkoan egiten den txapelketa zaharrena dela ere nabarmendu dute Tolosa CFko pala atalekoek, eta baita Berazubiko frontoiak berak duen xarma berezia ere. Bestalde, aurrera begira, pala bultzatzen ari direla ere zabaldu dute, eta deialdia egin dute, bai emakumezkoei zein gizonezkoei, pala taldean sartzeko. Interesa duenak tolosacfpala@gmail.com helbidera idatzi dezake informazioa eskatzeko.

Txapela txapelketa

Behin Tolosa CFko pala txapelketa amaituta, beste txapelketa bat ere antolatzen dute, Txapela izenekoa, dagoeneko 45 urte inguru dituena. Hain justu, aurreko txapelketan parte hartu dutenen artean jokatzen da. Antolatzaileek, izena ematen dutenen artean bikoteak nahastu egiten dituzte. Jendearen mailaren arabera bikoteak konpentsatu egiten dituzte. Kanporaketa bidez jokatzen den txapelketa da, hau da, partida irabazten duen bikoteak aurrera egiten du, eta galtzen duenak kanpoan geratzen da. Uztailaren 29an hasiko dute txapelketa hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!