'Pinotxo'-ren lan berria prestatzen

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 23a, 19:58

Teatro Gorakada talde bizkaitarra 'Pinotxo' izeneko ikuskizun berria prestatzen aritu da azken asteetan, Tolosako Topic-en.

Topic zentroak, hasiera-hasieratik bere instalakuntzak eskuragarri jarri ohi dizkie konpainiei sormen egonaldiak egiteko. Hori aprobetxatuz, egun hauetan, Teatro Gorakada talde bizkaitarra ikuskizun berria aritu da prestatzen, Tolosan.

Talde hau 1989. urtean hasi zen haurrentzako antzezlanak sortzen, ipuin klasikoetatik abiatuta. Orain arteko ikuskizun guztietan txotxongilo eta aktoreen arteko lana uztartu dituzte, eta orain, beraien ikuskizun berria izango den Pinotxo-ren xehetasun guztiak orrazten ari dira: «Egonaldian, testua sortzen ari gara, irudia eta ikuskizunaren antzerkigintza alderdi osoa eta baita aktore eta keinu bidezko estetika ere», dio Alex Diazek, konpainiako zuzendari artistikoak. «Hutsetik abiatzen gara, guk 'laborategia' deitzen diogun une batean gaude, eta horretarako egonaldia beharrezkoa da. Antzerki ideia batetik gatoz baina gero bertan behera uzten dugu, aktorearen lekutik aurre egiteko modua bilatzen dugulako. Elementuak zati garrantzitsu bat osatzen duten prozesu bat da», gehitzen du Diaz-ek.

«Hasieratik oso garbi genuen gauza bat da», dio Idoya Otegi Topic-eko zuzendariak. «Duela 30 urte, Topic egitasmo bat bakarrik ez zenean, txotxongiloen beharretara egongo zen espazio baten beharra ikusten genuen, konpainiek espazio horretan bizi eta ikuskizunak sortu ahal izateko».

«Pinotxo oraindik imajinatzen ari garen zerbait da, baina ez da txotxongilo manipulatua izango, bizitza hartzen duen eskultura batetik hurbilago dago», azaldu dute. Antzezlanaren eszenan bi aktore eta musikari bat bakarrik egongo direla aurreratu dute, eta zuzeneko musika egongo dela, klarinetea eta saxofoiarekin. Musika partitura ere sormen egonaldian sortu dute. Duela hiru hilabete izan zuten lehen kontaktua Topic-ekin. eta 12 pertsonako taldea da: «Hemen egin duguna lehen egitura da; eszenen eta edukiaren aurre gidoia egin dugu eta Topic-etik oinarrizko egitura batekin atera gara», azpimarratu dute.

Gorakada taldea, aste honetan, Bilboko Harrobira itzuliko da, eta uztailaren 28rako amaituko dute lana. Ikuskizuna urriaren 18an estreinatuko dute Palma de Mallorcako Haurtzaro eta Gaztarorako Jaialdian. Azaroan, berriz, Topic zentroan izango dira, eta Pinotxo aurkeztuko dute Titirijai Jaialdian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!