«Azkenean alde psikologikoa da garrantzitsuena»

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 21a, 11:59

Egun Bartzelonan du bizilekua Lara Arruabarrenak (Tolosa, 1992), baina bere ofizioarengatik mundu osotik bidaiatzen du. Horixe baita tenislari profesionalei egokitzen zaien egitekoetako bat, batetik bestera bidaiatzea torneoak jokatzeko. Bi hilabete lesionatuta egon da, eta berriki hasi da berriro ere lehiatzen tenislari tolosarra.

Hasieratik hasiko gara. Nola sartu zinen tenisaren munduan?

Txikitatik gustuko nuen kirolak egitea, eta denetatik probatu nuen. Eta uda batean, zortzi urterekin, izena eman nuen lagun batekin Donostian, Ondarretan, tenisean aritzeko. Gero, ikasturtean zehar ere izena eman nuen. Hasieran egun batez joaten nintzen, gero astean bi aldiz, gero hirutan eta azkenean egunero.

Tolosan ez zegoen aukerarik?

Berazubiko pista dago, eta gurasoek esan zidaten behin jokatu nuela bertan, baina ez dut gogoan.

Pixkana gehiago sakontzen joan zinen, beraz.

Hasieratik gustatu zitzaidan eta gaur ere bertan jarraitzen dut.

Eta une bat iritsi zen oso serio hartu zenuela.

Egia esan dena nahiko progresiboa izan zen. Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak jokatzen nituen. Eta hasieran, 11 edo 12 urterekin, Espainiako txapelketetan ez nintzen asko nabarmentzen, baina gero 14 urterekin zortzi onenen artean nengoen. Espainiako Federazioak niri erreparatu zidan, bertako entrenatzaile baten gustukoa nintzen, eta proposatu zidaten Bartzelonara joatea, eta orduan serioagoa bihurtu zen kontua.

Hamabost urterekin joan zinen Bartzelonara. Nola izan zen jauzi hori?

Federazioak planteatu zidanean, gurasoek esan zidaten nahi nuena egiteko, eta uste dut beraientzako niretzako baino gogorragoa izan zela. Ni ez nintzen oso kontziente nora nindoan, oso gaztea nintzen. Bartzelonara mugitu nuen bizitza guztia, baina nahiko ondo egokitu nintzen. Nik uste dut gurasoei gehiago kostatu zitzaiela, eta gero denborarekin ohitzen joan dira. Baina bai izan zela erabateko aldaketa. Niri galdetu zidatenean Bartzelonara etortzeko, modu profesionalagoan-eta entrenatzeko, hona etortzea erabaki nuen.



Zu bakarrik joan zinen?

Bai, San Cugateko goi errendimenduko zentrora joan nintzen, eta hor denetatik dute: erresidentzia, eskola, azpiegitura guztiak entrenatzeko... Eta zentroan ere bazeuden Espainiako beste tenislari batzuk, torneoetatik ezagutzen nituenak, eta baita beste kiroletako hainbat kirolari gazte, gero ezagutzen joan nintzenak eskolaren bitartez. Beraz, kirolariez inguratuta nengoen.

Tolosan nengoenean eta torneo batera joan behar izaten nuenenean, baimenak eskatu behar izaten nituen, eta gelako arraroa nintzen. Bartzelonan denok berdina egiten genuen, denak porru eginda bukatzen genuen entrenatu ondoren, gero etxeko lanak egin behar genituen, eta egunaren bukaeran izaten zen neke hori denek ulertzen zuten. Jende guztia egoera berdinean geunden. Hori bai, tenislariak ginen gehien bidaiatzen genuenak.

Gero kantxan izaten zenituen aurkariak gelakide ere izango zenituen, orduan.

Tenisekoak ez ginen asko izaten, gehienez zortzi bat edo. Eta mutilak eta neskak ginen, eta mutilen kontra ez genuen lehiatzen. Eta nire adineko neskak zirenekin, bertan batera egon nintzenekin, zortea izan nuen; beraiekin oso ondo moldatzen nintzen. Kantxan elkarren aurka tokatzen zenean, norbera saiatzen zen irabazten. Baina kantxatik kanpo oso harreman ona izan nuen.

Zenbat denbora egon zinen bertan?

Espainiako Federazioarekin entrenatzen bost urte egin nituen. DBH4an sartu nintzen, gero batxilerra ikasi nuen eta selektibitatea gainditu nuen bertan. Gero urtebete ezer egin gabe egon nintzen, eta hurrengo urtean pedagogian matrikulatu nintzen, hori bai, urrutiko ikasketen bidez, ikasten jarraitzeko asmoz. Arazoa izaten zen asko bidaiatzen nuela eta ez nintzela azterketetako deialdietan egoten. Azkenean bertan behera utzi nuen, matrikula ordaintzen ari bainintzen eta ez bainuen ezer egiten. Eta ordudanik ez dut berriro ikasketarik egin.

Tenislariei asko bidaiatzea tokatzen zaizue, eta hori beste edozein jarduera egiteko oztopo izango da, ezta?

Ikastea garrantzitsua zela iruditzen zitzaidan. Azkenean, tenisean jende asko dago, eta horietatik elitera %1 iristen da, eta ez dakizu zer gertatuko den. Batxilerra eta selektibitatea egin nahi nituen, eta unibertsitateko ikasketen arazoa bidaiak izan dira.

Federazioarekin egindako bost urte horien ondoren, nolabait zure kasa hasi behar izan zenuen.

Federazioak 14-15 urteko gazteak hartzen ditu, eta 18 edo 20 urte arte laguntzen zaituzte. Niri 20 urte arte lagundu zidaten, ikusten zutelako progresio on bat nuela, baina une bat iristen da jende berria hartzen dutena prozesu hori beste batzuekin hasteko, eta orduan beste batzuk atera egin behar dira. Ni 20 urterekin WTAko 80 onenen artean nengoen, eta esan zidaten ez nindutela gehiago lagunduko, dagoeneko sartuta nengoelako, eta nire kasa hasteko ibilbidea. Nik neuk nire taldea osatzeko. Entrenatzaile batekin hasi nintzen eta nire ibilbidearekin jarraitu nuen federaziotik kanpo. Ordura arte federazioak ekonomikoki laguntzen zidan: bidaiak, hotelak torneoetara joaterakoan, otorduak... Laguntza handia da eta hori bukatzerakoan zure poltsikotik ordaindu behar duzu dena.

Entrenatzaile berarekin jarraitzen duzu?

Hasieran hiru urte eta erdi egon nintzen entrenatzaile batekin, gero beste batekin urte eta erdi egin nituen, eta iaz beste entrenatzaile batekin hasi nintzen. Egun entrenatzaile gabe nago. Dezente aldatzen joan naiz.

Zer dela eta ez duzu egun entrenatzailerik?

Aurreko urtearen bukaeran eta aurtengoaren hasieran ez nintzen oso ondo sentitzen pistan. Ez nuen gozatzen, eta erabaki nuen denbora batez lasaiago joatea, gozatzeaz gehiago pentsatzea, eta horregatik hartu nuen erabakia.

Tenislari batentzat talde teknikoa garrantzitsua izaten da.

Bai, entrenatzailea garrantzitsua da eta prestatzaile fisikoa ere bai. Tenisa oso bakartia izan daiteke; askotan bakarrik tenislaria ikusten da, bakarrik baikaude pistan, eta berez entrenatzaileak ezin digu ezer esan. Bestalde, entrenatzailearekin denbora asko pasatzen dugu, asko bidaiatzen dugulako eta 24 orduak batera pasatzen ditugu; azkenean, entrenatzailea ia zure aita bihurtzen da.

Eta orain nola entrenatzen duzu?

Orain Bartzelonan nago, hemen jende asko dago, eta elkar ezagutzen dugu, eta beti geratu zaitezke norbaitekin entrenatzeko. Prestatzaile fisikoa dut eta berarekin adosten dut egin beharreko prestaketa fisikoa. Zentzu horretan, ez dago arazorik.

Lesionatuta egon zara orain gutxi arte. Nola doa denboraldia orokorrean?

Nahiko gaizki hasi nuen denboraldia, esan bezala ez nintzelako ari pistan gozatzen. Gero erabaki genuen nik bakarrik bidaiatzea eta nire kaxara aritzea, pixka bat gehiago erlaxatuta ibiltzeko eta gozatzeko. Pixkana hobeto sentitzen hasi nintzen, eta emaitzak iristen hasi ziren lur gainean jokatzen hasi nintzenean. Ondoen jokatzen ari nintzenean, lur gaineko denboraldian, Madrilen, aldakan tiroi moduko bat sentitu nuen; partida bukatu nuen, baina korrika ezin nuela egin amaitu nuen. Proba batzuk pasa nituen hurrengo egunean eta medikuek eta fisioterapeutek esan zidaten geratu egin behar nintzela. Lesio kroniko bat dut aldakan, eta esfortzuarengatik eta egin nuen mugimendu jakin batengatik, molestatzen hasi zitzaidan, eta esan zidaten bi hilabetez geldirik egon behar nuela. Roland Garros galdu nuen eta Wimbledon ere bai.

Kirolari batentzat lesioak dira unerik txarrenak?

Lesionatzen zarenean behin ere ez da une ona, baina nire ibilbidean izan dudan zortea izan da, aurretik beste behin egon nintzela lesionatuta. Hilabete batez orain zazpi urte lesio beragatik izan zen, eta orain beste bi hilabete egon naiz. Baina goi mailako kirolari batentzat ez naiz praktikan lesionatuta egon. Ea zorte ona izaten jarraitzen dudan orokorrean lesioekin.

Lesioaren ondoren Suediako txapelketan parte hartu duzu. Nolakoa izan da itzulera?

Pistan pixka bat arraro sentitu naiz, baina hori normala da jokatu gabe eta lehiatu gabe bi hilabete egon ondoren. Erritmoa falta zait eta partida gehiago jokatu behar ditut. Lesioak ez dit molestiarik eragin, eta hori da garrantzitsuena.

WTAko sailkapenean 165.ean zaude banakakoan eta 67. binakakoan.

Jokatu ez dudan denbora honetan ezin izan ditut puntuak defendatu, eta posizioak galdu ditut.

Garrantzitsua izaten da zein posizioetan zauden?

Modu erlatiboan da garrantzitsua da. Ni orain ez naiz ari garrantzia handia ematen, atzerago joango nintzela banekielako. Sailkapenak markatzen duena da ze torneotan parte hartu ahal dezakezun. Beraz, gero eta gorago egon, orduan eta torneo garrantzitsuagoetara joan ahal izango naiz. Sailkapenean atzera joatearekin, ohituta nengoen torneoak baino baxuagoak jokatu beharko ditut, baina lasai nago maila daukadala badakidalako. Orain garrantzitsuena lesiotik ateratzea zen eta aldakak berriro minik ez ematea.

Denboraldi honi begira, zer duzu buruan?

Orain garrantzitsuena ondo sentitzea da, eta pixkana erritmoa hartzea. Nik gelditu behar izan dut eta beste jokalariek jokatzen jarraitu dute.

Lesioak beti etortzen dira gaizki, baina gustura jokatzen ari zinela etortzea da agian gehien izorratzen duena?

Garrantzitsuena da zure jokoarekin gustura sentitzea. Partidak galdu ala irabazi ditzakezu, baina zu ondo sentitzen bazara emaitzak etorriko dira denborarekin.

Askotan hitz egiten da tenislari baten gaitasun fisiko eta teknikoaz. Baina, noski, alde psikologikoak ere bere garrantzia izango du.

Nire ustez azkenean alde psikologikoa da garrantzitsuena. Fisikoki denak daude ondo, gutxi gorabehera. Hor goian daudenen artean bat edo beste gehiago gustatuko zaizu bere teknikarengatik, batek besteak baino politago jokatu dezake, baina denek jokatzen dute ondo. Beraz, burua da aldeak eragiten dituena.



Nola definituko zinateke tenislari moduan?

Tenislari borrokalaria, nahiko osoa, baina egia da mundu guztia dela horrela, fisikoki ere ondo moldatzen dena. Eskuina da nire kolperik onena. Batez ere borrokalaria naizela esango nuke.

Errebesa bi eskuekin jotzen duzu. Hori txikitatik hartzen den joera izaten da?

Bai, hasten zaren moduan gero jarraitu egiten duzu. Bestela, gero, aldatzea oso zaila da.

Lur gainean aritzen zara gustuen, WTAko webguneak dioenez.

Lurra izan da beti ondoen aritu naizen pista mota. Batez ere horrelako pistetan hazi izan gara, eta agian pazientzia gehiago dugu. Lurra esango nuke, baina zoru guztiak gustatzen zaizkit, pista azkarra eta belarra ere atsegin ditut.

Hiru torneo irabazi dituzu banaka: Seul (2016), Cali (2013) eta Bogota (2012). Nola gogoratzen dituzu garaipen horiek?

Lehenengoa Bogotakoa izan zen, eta orduan hemeretzi urte nituen. Badaude tenislariak bere ibilbidea bukatzen dutenak eta ez dutenak torneorik irabazi. Irabazi nuenean ez nion hainbeste garrantzirik eman, zerbait normala izango balitz bezala hartu bainuen. Gero, denborarekin konturatu naiz torneo bat irabaztea oso zaila dela. Beraz, ziurrenik gehien baloratu dudana azkena izan da, Seulekoa, urteen poderioz konturatzen zarelako zein zaila den horrelako torneo bat irabaztea. Hirurak ditut, azkenean, gogoko, baina gehien baloratzen dudana eta gehien gozatu izan dudana Seulekoa izan da.

Seulekoa pista azkarrean irabazitakoa da, beste biak lur gainean. Horrek ere beste esanahi bat du?

Bai, badakit aurkariei gehiago izorratzen diela nirekin lurrean jokatzeak, 'Lara astun horrekin jokatzea tokatzen zait' pentsatzen dute, eta beraz torneo hori pista azkarrean irabaztea ere gehiago baloratzen dut.

Bogotan bi aldiz finalista ere izan zara, 2017 eta 2018an.

Bogota oso ondo datorkidan pista bat da. Altura handian dago, eta baldintzak oso ezberdinak dira beste batzuekin alderatuz. Pilotak gehiago egiten du hegan, bote handiagoa egiten du, pilotari eman eta azkarrago joaten da, eta niri ondo datorkit.

Binakakoan, zazpi torneo irabazi dituzu: Bogota (2014 eta 2016), Gstaad (2016), Acapulco (2015), Seul (2015 eta 2014) eta Katowice (2013). Sei aldiz txapeldunorde ere izan zara. Berez, garrantzi gutxiago ematen zaio modalitate honi, ezta?

Oiartzun handiagoa du banakakoak. Binakakoa ez da nire lehentasuna, baina asko gustatzen zait, nire kasuan erlaxatuago jokatzen dudalako, eta jokatzen dudan bikoteekin oso ondo moldatzen naizelako. Ondo pasatzen duzu, pistan gozatzen duzu, eta azkenean emaitzak ere etortzen dira. Egokiena izaten da bikote berarekin jokatzea, jokaldiak gehiago entrenatzeko, baina lehentasuna banakakoari ematean, zaila da bikote berarekin jokatzea. Oso ona da binakakoa jokatzea, gero banakakorako ere laguntzen dizulako, eta niri beti gustatu izan zait.

Une txarrak ere izango zenituen ibilbidean. Zein nabarmenduko zenituzke?

Nik uste dut tenislari guztioi gertatzen zaigula. Denboraldi berean une onak izaten ditugu eta baita txarrak ere. Hor dago tenislariaren alde zail hori, bakartia izanik mundu hau, egin behar diren bidaia guztiekin, eta gainera une batzuetan gaizki pasatzen duzu. Denek pasatzen dute gaizki, ez esan arren. Gero, azkenean, alde onek, hau da, irabazten duzunean, gozatzen ari zarenean, gehiago konpentsatzen dute une txarrek baino. Errealitatea da denok ia astero galtzen dugula, bestela torneo guztiak irabazi beharko genituen. Nik hiru irabazi ditut, eta beste guztietan galtzea tokatu zait.

Esan ohi da une txarretatik ikasten dela gehien.

Bai, baina ez zara guztiz ohitzen. Denok nahi ditugu une onak bizi, baina egia da etorkizunean gertatu daitezkeen une txar horiek errazago pasatzeko, baduzula eskarmentua. Horregatik ere esaten da eskarmentua gradu bat dela, ikasten joaten zarelako.

Orokorrean nolakoa da tenisaren mundua, nola deskribatuko zenuke?

Egunero entrenatu behar duzu, astero bidaiatu behar duzu, eta astero ere lehiatu behar duzu. Oso mundu zorrotza da, eta baita nahiko bakartia ere. Beraz, ez bazaizu gustatzen, oso astuna bihurtzen da. Oporrak azaroan hartzen ditut, bi aste. Aurten, Tolosako Kuadrilla Egunean izan naiz, lesionatuta nengoelako, eta nire lehenengo aldia izan da. Nik ez dakit noiz den jai eguna, berdin-berdin entrenatzen dugu.

Eta zer moduz sanjoanetan?

Beno, egia esan, San Joan egunean dagoeneko Bartzelonan nengoen, entrenatzen, baina egon nintzen tartea oso ondo pasa nuen.

Gero eta presenteago dago emakumezkoen eta gizonezkoen parekidetasunaren gaia, baita kirolean ere. Nola ikusten duzu zuk egoera?

Badaude ezberdintasunak, sailkapeneko 60. postuan dagoen mutil batek postu horretan dagoen neska batek baino gehiago kobratzen baitu. Baina tenisa da zentzu horretan hobekien dagoen kirola. Sailkapeneko 100. edo 150. postuan dagoen neska batek bizimodua atera dezake tenisarekin. Alde horretatik ez daude emakumezkoen kirol asko hori esan dezaketenak, ezta gizonezkoen kirol batzuk ere, gutxituak direnak. Tenisean aritzen garen emakumezkoak posizio onean gaude. Entzun dudanez, emakumezko golfariak dira gure antzera daudenak.

Halere, esan duzunez, oraindik ezberdintasunak badaude. Hori parekatuko da?

Torneo batzuetan berdindu dira irabaziak. Ez dakit denborarekin denak berdintzen joango diren.

Irabaziez gain, babesleak ere izaten dituzue.

Bai, hori azkenean bakoitzaren kontua izaten da. Ni arropari dagokionez Jomarekin nago, eta oso ondo portatzen dira nirekin.

Nola izaten da zure egunerokoa?

Garaiaren arabera izaten da. Lehiaketa garaia bada, goizean eta arratsaldean ordu bana entrenatzen dut. Partidaren eguna iritsi ahala, pixka bat gutxiago entrenatzen dut, indarrak gordetzeko. Hor, ikusi behar da zenbateraino etorri naizen nekatuta aurreko torneotik. Bartzelonan nagoenean denbora gehiago entrenatzen dut bai tenisean jokatzen eta baita fisikoki ere. Zerikusi asko du hurrengo partida noiz dudan eta nola nagoen.

Eta azaroko bi aste horiez gain, izaten duzu aukerarik tenisa ez den beste zerbait egiteko?

Jokatzeaz gain, bidaiatzea asko gustatzen zait, eta oporrak ditudanean edota denbora pixka bat dudanean, lekuren batera ihes egiteko aprobetxatzen dut. Kirola egitea asko gustatzen zait, baina ez dut futboleko partida bat jokatuko, nahiko nekatuta nagoelako astekoarekin, baina menditik ibilaldi bat egitea beti gustatzen zait.

Nola aurreikusten duzu etorkizuna? Pentsatu duzu adin jakin batera iristea, edota gorputzak eusten duena arte jarraitzea?

Ez dakit. Ikusi ditut jokalari batzuk planak egiten eta gero justu kontrakoa egiten, eta, beraz, ez dut plan jakinik. Azkenean, buruak eta gorputzak eusten duten bitartean izango da. Eta noiz izango da hori? Egia esan, ez dakit, bi urte izan daitezke edo hamar. Azkenean, ez dakidanez, egunean egunekoa egiten joango naiz. Oraingoz ondo nago, eta gustura.

Baduzu helburu bereziren bat? Goragoko mailako torneoren bat irabaztea, adibidez?

Horrelako helburuak beti izaten dituzu, baina orain garrantzitsuena aldakatik ondo errekuperatzea da, denbora askoz gehiago jokatzen jarraitzeko.

Izan duzu uneren bat, pentsatu duzuna zergatik sartu ote nintzen tenisaren mundu honetan?

Bai, noski, askotan [kar, kar]. Baina, beno, hori guztioi gertatzen zaigu. Batez ere une txarretan. Beti jasotzen duzu senideen, lagunen, taldearen babesa, baina azkenean zu zara sufritzen ari zarena, eta hobeto edo okerrago sentitzen zarena, entrenatzera joan behar duzuna gogorik izan ez arren. Hori guztioi gertatzen zaigu.

Eta tarteka Tolosa faltan botatzen duzu?

Orain, etxera joaten naizenean, gehiago baloratzen dut. Asko gustatzen zait etxea, ingurua... Hori bai, hiri handiagoetara bidaiatzen ohitu naiz, eta denbora tarte bat pasatzen dudanean Tolosan, txiki geratzen zait. Baina, esan bezala, asko gustatzen zait bertara joatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!