Mugerza eta Mercader ederki Sopelako lehian

Ataria 2019ko uztailaren 19a

Hirugarren eta laugarren geratu dira, estreinakoz antolatu den txapelketan; Munduko Txapelketa ari dira prestatzen.

Sopelako Surf Egokitutako I. Txapelketa jokatu zen iragan asteburuan, eta Tolosaldeko parte hartzaileek emaitza onak eskuratu dituzte. Hain juxtu, Ibon Mugerza eta Joseba Mercader tolosarrak aritu dira lehian, eta hirugarren eta laugarren postuetan amaitu dute, hurrenez hurren.

Ostiralean hasi eta igandean bukatu zen txapelketan, AS I kategorian Robsson Gasperi izan zen irabazlea, eta bere atzetik sailkatu ziren Benoit Moreau, Ibon Mugerza eta Joseba Mercader. Lehendabiziko aldiz antolatu da surf egokitutako txapelketa bat euskal kostan, eta ekimenak Japonia, Australia, Hawai, Hegoafrika edota Italiako 70 surflari profesional ingururen parte hartzea izan zuen. Profesionalek ez ezik, aniztasun funtzionalen bat dutenek ere izan zuten aukera uretan murgiltzeko adituen laguntzarekin. Sariei dagokienez, nabarmentzekoa da bai emakumezkoentzat bai eta gizonezkoentzat ere kopuru berdinak jarri zituztela.

Maiatzean Portugalen jokatu zen Europako surf egokituko finalean, Ibon Mugerza tolosarrak garaipena eskuratu zuen. Bosgarren geratu zen, berriz, Joseba Mercader. Berriki, Espainiako txapeldun eta txapeldunorde sailkatzea lortu dute bi tolosarrek, eta Kalifornian jokatuko den Munduko Txapelketarako prestatzen ari dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!