Egonkortasuna bermatzeko akordioa

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 19a, 09:00

EAJk eta PSE-EEk datozen lau urteetarako hitzarmena sinatu dute, «elkarrekin, etorkizuna duen Tolosa hobea eraikitzeko».

Asteazkenean sinatu zuten, Tolosako udaletxean, EAJ eta PSE-EE alderdi politikoek, gobernu akordio berria. Olatz Peon, EAJko ordezkaria eta Tolosako alkatea, eta Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotzia izan ziren bertan. «Gainerako euskal erakundeetan sinatutako akordioetan dago oinarrituta, eta helburu du, gobernu talde sendo, indartsu zein egonkorra eratzea. Udalean egonkortasuna bermatzeaz gain, jarraipena emango zaio aurreko legealdian abiarazitako proiektuari, etorkizunera begira estrategikoak izango diren proiektu berrien bitartez» adierazi zuen Peonek.

Villanuevak hartu zuen hitza, ondoren. Herritarren egunerokotasuna hobetzeko, eta Tolosaren etorkizuna bermatzen jarraitzeko helburuarekin, 2019-2023 legealdirako bi alderdiek hainbat proiektu lehenetsi dituztela esan zuen. «Zumardi Txikia berreskuratzea, herritarren erabilerarako eta gozamenerako eremua izan dadin, inguruko bizilagunei aparkalekua bermatuta; Rondilla kalea osorik eraberritzea; San Esteban auzoaren garapenerako plangintza zehaztu eta onartzea; gazteen emantzipazioa erraztu eta sustatzeko alokairuan dauden etxebizitza kopurua handitzea; ingurugiroa zaintzeko trantsizio energetikoaren eta energia berriztagarrien aldeko politikak sustatzea; eta azkenik, Tolosaldeko beharrei egokitutako ospitale publikoa eraikitzeko beharrezkoak diren urratsak egitea, eta tolosarrei eskainitako osasun zerbitzuen mapa osatu eta areagotzeko, egungo klinikan zentro sozio-sanitarioa sortzea izango dira akordioaren oinarri nagusiak» aipatu zuen Villanuevak.

Proiektu zehatzetatik harago, Tolosa indartzen eta hobetzen jarraitzeko eta tolosarrei etorkizun hobea eskaintzeko konpromiso etiko eta politikoan oinarritzen da akordioa. «Horregatik, egungo udal gobernu taldeko kideok pertsona ororen zerbitzura eta eskura lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu; berdintasuna, aniztasuna, bakea eta elkarbizitza sustatuz, gure nortasuna babestuz eta gure kultura indartuz eta euskararen erabilera areagotuz; gardentasuna, gertutasuna eta herritarren partaidetza oinarri hartuta» gaineratu zuen Peonek.

Hiru lan arlo nagusi

Halaber, beharrezkotzat jotzen dute udalean aldaketa sakon bat ematea. Horretarako, antolakuntza egitura berria txertatuko dute, administrazioa garai eta behar berrietara egokitzeko, eta funtzionamendu aldetik eta erabakiak hartzerakoan eraginkorragoak eta azkarragoak izateko. «Hiru lan arlo nagusi sortu dira: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea. Horiek bilduko dituzte egungo batzorde informatibo guztiak, besteak beste, hirigintza, kultura, ingurumena eta kirola, eta EAJko zinegotzien ardurapean egongo dira» azaldu zuen Peonek.

Zinegotzi egitura berri honen barruan, PSE-EEko zinegotzia (kasu honetan, Joxe Mari Villanueva), Herritarrak batzorde nagusiaren barruan kokatuta dagoen kirol arloaz arduratuko da. Bestetik, Udal Gobernua EAJko bost kideek eta PSE-EEko batek osatuko dute. Bestalde, liberatutako zinegotzien dedikazio eta ordainsariak, EUDELek zehaztutako irizpide eta baldintzen barruan ezarritakoak, gaurko bilkuran onartuko dira. Antolaketa berrira bideratutako bilera izango da.

Azkenik, elkarrekin, etorkizuna duen Tolosa anitzagoa eta hobea eraikitzeko asmoa azaldu zuten. «Udal gobernu berriak, oposizioko taldearekin hitz egiteko eta adostasunetara heltzeko borondate osoa azaldu du herriarentzat, eta aurrera eraman nahi diren proiektu estrategikoentzat onuragarria eta aberasgarria izango delakoan» aipatu zuen Peonek.

Udaleko zinegotzi berrien aparteko osoko bilkura, gaur, 19:30ean

Tolosako Udalak, aparteko osoko bilkura egingo du, gaur, 19:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Zinegotzi berrientzat lehen bilera izango da. Batetik, informazio batzordeen eraketa, arduraldirik gabeko kideen ordainketak eta udal talde politikoen diru-izendapenak, eta 2019-2023 legealdirako udaleko behin-behineko pertsonalaren izendapena onartuko dituzte. Horrez gain, alkateordeen izendapenen berri, zinegotzi delegatuen izendapenen berri, nahiz lan taldeen eraketaren eta osaketaren berri ere emango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!