Aztarnen bila, pausoz pauso

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 18a, 13:59

Auzolandegietako kideek, Paco Etxeberria auzi medikua gidari dutela, Saseta Defentsa Sisteman hildako gorpuak nola aurkitu ikasi dute, Tolosako Olamuino mendian.

Auzolandegiak amaitzear zirela, pasa den ostiralean, Albiztur eta Tolosa artean dagoen Olamuino mendian indusketa lanak egin zituzten boluntarioek. Bereziak izan ziren, batetik, Paco Etxeberria auzi medikua izan baitzuten lagun, hasieratik amaieraraino argibideak ematen, eta, bestetik, 1936ko udan hildako gudari batzuen gorpuak egongo ote ziren susmoa zutelako.

Urkizutik gertu dagoen Olamuino mendian egin zituzten indusketak. Mikel Errazkin ikerlari anoetarrak, bere lan batean, hobi horri buruzko informazioa jasoa du: «Urkizu auzoko zenbait biztanleren arabera, bertan zumaiar batzuk fusilatu zituzten. Duela urte batzuk, beraien senideek gorpuak atera eta beraien jaioterrian ehortzi zituzten. Leku horretan gurutze bat jarri zuten eta urtero loreak jartzen zituzten».

Aranzadi Zientzia Elkarteak ikertutakoaren arabera, Euskadiko Artxibo Historikoan eta Bidaniko erregistro zibilean agertzen dira gerra garaian hildako hiru gudariren izenak: Sebastian Etxeberria, Aurelio Sarachaga eta Luis Manero.

Leku hartan jarraitzen du, egun, gurutzeak, eta haren bueltan egin zituzten lanak. Momentuz, gorpurik ez zuten aurkitu. Karlos Almorza historialaria eta Aranzadiko kidea ere bertan izan zen, eta esan zuen ezer aurkituko ez bazuten ere auzolandegietara joan ziren ikasleek gehiago ikas zezatela zutela helburu: «Bagenekien gorpuak eraman zituztela, baina aztarnaren bat aurkitzea zen asmoa. Azken batean, boluntarioek ikastea, ikustea eta jakitea nahi dugu benetan zer, non eta nola gertatu zen».

Ez zuten denbora nahikoa izan gorpuak aurkitzeko. Aurretik, ordea, Etxeberriaren argibideak jaso zituzten, eta gauzak behar bezala egiteko pausoak erakutsi zizkieten boluntarioei. Lehenik, lana egin behar zuten eremuko hosto, adar eta zabor guztiak kendu zituzten. Ondoren, hilobia erdian zutela, laukizuzen bat irudikatu zuten, eta goma batzuen bidez, metroka, lauki txikiagoak egin zituzten. Horrela, koordenatu kartesiarrak erabiliz, aurkitutakoa nola dokumentatu ikasi zuten.

Indusketak egin bitartean, azalpenak emateko tartea hartzen zuen Etxeberriak. Besteak beste, adibidez, bala bat aurkitu zutenean bala motak azaltzen aritu zen. Tartean, plastikozko loreak ere aurkitu zituzten, non ziurtatu zuten, loreak jartzen zituztela gurutzearen ondoan. Bazkalostean zulatu zuten lurra, gorpuen aztarnak aurkitzeko asmotan. Momentuz, plastiko zatiak soilik aurkitu zituzten.

Beste gauzen artean, gehiago ikasteko balio izan zien egunak boluntarioei. Hasieratik amaieraraino pauso guztiak ikasteko baliagarria izan zitzaien, Karlos Almorza historialariaren arabera. «Azken batean, Etxeberriak ikastaro bat eman die auzolandegietako kideei, eta hori guretzat ere aberasgarria da», esan zuen.

Arratsalde erdira arte aritu ziren indusketa lanetan. Eguerdi aldera, Tolosako Udaleko ordezkarien bisita izan zuten: Olatz Peon alkatea eta Patxi Amantegi zinegotzia izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!