Euskaraldia izango dute aztergai Tolosan, urriaren 9an

Ataria 2019ko uzt. 17a, 19:58

Aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldian Euskaraldiaren emaitzak eta eraginak aztertuko dituztela aurreratu dute; egitarau zehatza eta izen ematea irailean zabalduko dituzte.

Euskaraldia aztergai izenburua izango du Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 2019ko edizioak. Urriaren 9an egingo dute, Tolosan. Izan ere, irailean kaleratuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eta beste hainbat erakunde publikoren babesarekin, Soziolinguistika Klusterrak Euskaraldiari buruz egindako ikerketa. Behin emaitzak argitaratuta horietan sakontzeko aukera emango dute Tolosan.

Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak erabiliaz ikertu dute parte-hartzaileen hizkuntza-ohituretan izandako eragina. Era berean, parte hartzaileen bizipenak, antolakuntzarekin lotutako iritziak eta beste hainbat elementu hartu dituzte kontuan.

Egitarauan tokia izango da Euskaraldiaren aspektu ezberdinei buruz egin diren beste ikerketa batzuk ezagutzeko, argitaratutako emaitzetatik aurrera begirako ikasgaiak elkarrekin lantzeko eta zenbait adituk egiten duten irakurketa entzuteko.

Euskaraldia euskararen biziberritzeari begira martxan jarritako ekimen berritzailea eta zabala izan dela nabarmendu du klusterrak. «Milaka herritarrek zuzenean parte hartu dute hizkuntza-ohituretan eragiteko ariketa sozial erraldoian. Gainera, hamarnaka erakunde, elkarte, entitate eta batzorderen arteko elkarlanari esker izan zen posible ekimena».

Emaitzak mahai gainean jarri eta hobekuntzarako ikasgaiak ateratzea helburu hartuta, soziolinguistikan diharduten ikerlari eta teknikariei, erakunde publikoetako arduradun eta langileei, euskalgintzako dinamizatzaile eta aktibistei zein euskaltzale eta herritar orori zabalik dago hitzordua.

Egitarau osoa eta izena emateko aukera irailean zabalduko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!