Udan 'Gauza baten ametsa' eleberria irakurtzeko proposamena

Ataria 2019ko uztailaren 17a

Galtzaundik antolatutako Irakurle Taldeak, oporrak hartuko ditu udan; irailean izango da ikasturte berriko lehen saioa, kultur etxean.

Uztailean eta abuztuan ez du saiorik egingo Galtzaundiren irakurle taldeak. Irailaren 25ean, asteazkena, itzuliko da berriz hilabeteroko martxara. Udan, beraz, irakurtzeko proposamena finkatu dute dagoeneko: Josu Zabaletak itzulitako Pier Paolo Pasolini zinema-zuzendari, olerkari eta idazle italiarraren Gauza baten ametsa eleberria. Tolosako kultur etxean izango da saioa, 19:00etatik aurrera, eta Yurre Ugartek dinamizatuko du.

Eleberriko historia 1948 eta 1949 urteetan gertatzen da, De Gasperiren gobernuak lur jabeen eta partzuerren arteko harremanetan justizia gehiago ezartzeko legea emanik, Italiako ipar-ekialdeko Friul eskualdeko lur jabeek lege hura bete zezaten laborariek egin beharreko greba eta borroka luzeen garaian. Hain zuzen ere, Pasolinik 1949-1950 bitartean idatzi zuen bere lehen eleberri argitaratua izan zuen hau, jaioterritzat zeukan Friuletik Erromara ia ihesian aldatu berria zela. Josu Zabaleta legazpiar itzultzaile eta idazleak, bi aldiz jaso du Itzulpengintzako Euskadi Saria: 2001ean eta 2008an. 2013an Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala eman zioten. Sari horiez gain, 2006an euskaltzain urgazle izendatu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!