Datozen egunetan, kultur ekitaldiez gozatzeko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 17a, 12:59

Ostiralean, dantzarako doinuen kontzertua izango da Musika Bandaren eskutik. Kalean zine emanaldiak eta Santa Marian organo kontzertu bat ere izango dira.

Prest da udalaren udako kultur eskaintza. Urtero moduan, uztailerako eta abuzturako egitarau berezia prestatu dute. Lehen ekimen nagusia, Tolosako Musika Bandaren kontzertua izango da, ostiral gauean, Lopez Mendizabal plazan.

Azken urteetan Alondiga plazan egin izan bada ere, bere garaian xarma berezia biltzen zuen plazara itzuliko da. Bertan, dantzarako doinuak entzungo dira. Besteak beste, The Beatles eta Supertramp rock taldeenak, baita Hego Amerikako eta Mexikoko doinuak nahiz pasodobleak ere.

Gainera, abuztuaren 8an Santa Maria elizan izango den organo-kontzertua ere aipatu beharra dago. Ignacio Arakistainek, Xabier Urtasunek eta Mikel Ansolak eskainiko dute saioa.

AUZOETARA

Ekintza kulturalek, baina, ez dituzte Alde Zaharreko nahiz erdiguneko txokoak soilik bisitatuko. Izan ere, auzoetan ere izango da zer ikusi.

Berazubi, Larramendi, Amarotz eta San Estebanen bi film eskainiko dira, biak ere auzotarrek eskatuak: Campeones eta El Gran Showman titulu ezagunak.

San Estebanen, gainera, lehen aldiz izango da kalean zinema ikusteko aukera.

KULTUR EGITARAUA

Uztailak 19, ostirala

23:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua Lopez Mendizabal plazan: Dantzarako doinuak.

Uztailak 22, astelehena

22:30. Zinema kalean: Campeones filma Berazubi auzoan.

Uztailak 23, asteartea

22:30. Zinema kalean: Campeones filma San Esteban auzoan.

Uztailak 24, asteazkena

22:30. Zinema kalean: El gran Showman filma Amarotz auzoan.

Uztailak 29, astelehena

22:30. Zinema kalean: Campeones filma Larramendi auzoan.

Abuztuak 8, osteguna

20:00. Organo kontzertua, Santa Maria parrokian: Ignacio Arakistain, Xabier Urtasun eta Mikel Ansola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!