Bigarren egin du Ugartek Moliereseko maratoian

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 16a, 19:57
Sarah Ugarte, probaren une batean.

Aran bailaran egiten den proba «gogorrean» egin du lorpena, ia bederatzi orduko lasterketaren ondoren.

Sarah Ugarte mendi lasterkariaren hitzetan, orain arte egin duen mendi maratoi «gogorrena» izan da Moliereseko maratoia. Aran bailaran, Trail Vielha - Molieres 3010 mendi lasterketen barruan, Molieres maratoian bigarren postua lortu du. 43 kilometroko ibilbidea eta 4.200 metro malda positiboa du probak, eta tartean Molieres mendia igotzen da, 3.010 metroko garaiera duena. 4.200 metro malda positibo izateak, «sasoi oso onean» egotea eskatzen duela esan du Ugartek. «Ikuspegia ikusgarria da, baina ingurua oso teknikoa da azkar korrika egiteko. Pozik nago nire bigarren postuarekin, helmugara iristea bakarrik meritu handia duelako».

Ibilbidea egiteko lasterkari tolosarrak 8.42.47ko denbora egin zuen, irabazlea izan zen Angela Castellorengandik ordu bat eta hamar minutura. Susana Rivero hirugarren sailkatua Ugarterengandik lau minutu eta hamabost segundora helmugaratu zen.

Sailkapen osoa kontuan hartuta, mendi lasterkari tolosarrak 30. postuan amaitu zuen Moliereseko maratoia. Guztira 325 parte hartzailek bukatu ahal izan zuten proba, horietatik 28 emakumezkoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!