Ezagutu beharreko bi tenpluak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 13a, 11:59

Ikasturtean zehar egiten diren bisita gidatuez harago, herritarrei nahiz bisitariei eskaintza zabaltzea erabaki du Tolosako Udalak. Udan, Santa Klara Komentuko eliza eta Santa Maria Parrokia izango dira protagonistak.

Betidanik esan izan da, materialak nahiz ez materialak diren kultur ondasunak kontuan izanez gero, Tolosa herri oso aberatsa dela. Aberastasun hori baliatu nahi dute, aurtengo udan, bertara hurbiltzen diren bisitariek nahiz oporrak bertan igaroko dituzten herritarrek plan gehigarri bat izan, eta herriari buruzko ezagutza areagotzeko helburuarekin. Hain justu, Santa Klara Eliza eta Santa Maria Parrokia ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu, udalak, doan.

Atzo egin zuten aurkezpena, bi tenpluetan. Nerea Letamendia Turismo eta Azoketako zinegotziak adierazi zuenez, «urtean zehar antolatzen diren bisita gidatuez gain, Santa Maria parrokia herritarrei nahiz bisitariei erakusteari ekin genion 2016ko udan. Eskaintza hauek izan duten arrakasta handiaren ondorioz, aurten berrikuntza bat gehitzea erabaki dugu». Hiru urte hauetan, zenbait datu ere bildu ditu udalak. «Iaz izandako bisitarietatik %18 tolosarrak ziren, beraz, azpimarratzekoa da herritarrengan interes handia dela jakitea, baita Tolosak duen ondare historikoaren gaineko ezagutzaren parte izan nahi hori ere».

Ramon San Sebastian tolosarra izango da bi tenpluetan gida lanak egingo dituena. Euskal Herriko Unibertsitatean, Artean eta Historian graduatua da. Azken hilabeteetan eraikinen gaineko kondairez, istorioez eta ezaugarriez aberasten aritu da, azalpenak behar bezala prestatzeko. Bisita gidatuetarako bere helburu nagusia, «aberastasun guztiaren kontzientzia izatea eta hori zabaltzea» da.

Tolosako bi tenpluak bisitatzeko eskaria maiz jaso izan dutela aitortzen dute udaletik. Horregatik, aukera berri hau eskaintzeak, bisitariak erakartzeaz gain, herritarrak ere animatuko dituela pentsatzen dute. Udaletik diotenez, «Santa Klara komentua txoko berezia eta ezezaguna da tolosar askorentzat, gutxitan ireki baititu elizako ateak». Komentua 1666an eraiki zen. Bertako eliza, barroko estilokoa, oso ezaguna da bere akustika paregabeagatik. Tolosako Abesbatza Lehiaketetan asko dira han kantatzeko eskaera egiten duten abesbatzak. Independentziako gerran eta karlistadetan ospitale militarra izan zen. Bere inguruan garai haietan lur emandako soldaduen gorpuak aurkitu ziren. Iurreko Amabirjina, aldareak, eta beste hainbat artelan ditu ikusgai.

1503ko sutean erre zen beste eliza txikiago baten ordezkoa da Santa Maria. 200 urte baino gehiago behar izan ziren eraikitzeko, eta estilo askotariko ezaugarriak ditu. Tamainan, Gipuzkoako bigarren eliza handiena da, (1.630 metro karratu ditu), Donostiako Artzai Ona katedralaren atzetik. Eliza egiten aritu ziren arkitektoen eta eskulangileen artean Martin Carrera nabarmendu behar da. San Estebango ermitaren portada erromanikoa du barnean, baita Tolosako patroi San Joan Bataiatzailearen eskultura ere.

Uztailaren 15etik abuztuaren 31ra bitarte luzatuko da eskaintza. Astelehenetik ostiralera (11:00-14:00) zabalik egongo da Santa Maria Parrokia, eta bisita gidatu bat eskainiko da (12:00-13:00). Larunbatean ere (11:00-12:00) irekiko da. Bi tenpluen bisita larunbatetan izango da, 12:00etatik aurrera, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Santa Klaratik hasi, eta Santa Maria Parrokian amaituko da. Aipatzekoa da, uztailaren 25ean nahiz 31n, eta abuztuaren 15ean, ez dela udalak antolatutako bisita gidaturik izango, jaiegunak direlako.

Kaleko bisitak mantentzen dira

Tolosako bi tenpluak, ordea, ez dira herriko bisita gidatuen zerbitzuan geraleku bakarrak izango. Tolosaldea Tour elkarteak, Tolosako Alde Zaharra ezagutzeko eta Azoka bisitatzeko aukera eskainiko du, 3 euroren truke. Brian Cullenek egingo ditu gida lanak. Gainerako bisiten kasuan ez bezala, Tolosaldea Tour-ek antolatutakoek ez dute aldaketarik izango uztaileko eta abuztuko jaiegunak direla eta.

Alde Zaharreko bisitak, uztailean, aste osoan zehar antolatuko dira; abuztuan, berriz, ostegun, ostiral eta larunbatetan, ordutegi eta hizkuntza ezberdinetan. Azokarenak, berriz, larunbatero izango dira, 11:00etan hasita. Bisitetan parte hartzeko, Tolosako turismo bulegora bertaratuz, tour@tolosaldea.eus helbide elektronikora idatziz, 943 697 413 telefono zenbakira deituz edo www.tolosaldea.eus webgunean eman daiteke izena. Bisitetarako izena aurrez ematea eskatzen dute udaletik, gidek gutxi gorabeherako kopuruak jakin ahal izateko.

TOLOSAKO BISITA GIDATUAK

UZTAILA

Alde Zaharra. Astelehenetik ostiralera: 10:00; 11:00; 13:00. Larunbata: 10:00; 15:00; 16:00; 17:00; 18:00. Igandea: 10:00; 11:00; 12:00; 13:00. Prezioa: 3 euro.

Tolosako Azoka. Larunbata: 11:00. Prezioa: 3 euro.

Santa Maria Parrokia. Astelehenetik ostiralera: 11:00-14:00 zabalik. Bisita gidatua: 12:00. Larunbata: 11:00-12:00 zabalik. Doan.

Bi tenpluak: Santa Maria Parrokia eta Santa Klara Komentua. Larunbata: 12:00. Doan.

ABUZTUA

Alde Zaharra. Osteguna eta ostirala: 10:00; 11:00; 13:00; 15:00; 16:00; 17:00; 18:00. Larunbata: 10:00; 15:00; 16:00; 17:00; 18:00. Prezioa: 3 euro.

Tolosako Azoka. Larunbata: 11:00. Prezioa: 3 euro.

Santa Maria Parrokia. Astelehenetik ostiralera: 11:00-14:00 zabalik. Bisita gidatua: 12:00. Larunbata: 11:00-12:00 zabalik. Doan.

Bi tenpluak: Santa Maria Parrokia eta Santa Klara Komentua. Larunbata: 12:00. Doan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!