Euskarabentura eta Tolosako bi tenpluak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 12a, 12:00

Ostiralero bezala, hemen entzun ahal dituzue, ordubetean jasota, azken astean Tolosan jasotako albisteak eta elkarrizketak, baita agendaren tartean, datozen egunetarako aurreikusita dauden ekitaldien inguruko informazioa ere. Hauxe izan da ikasturteko azken Hamaiketakoa.

Euskarabentura 2019

140 partaidetik gora, 31 etapa, ia 800 kilometro eta zenbatu ezinezko bizipenak begi aurrean bilduko dituen abentura. Euskararen bueltan inoiz egin den espediziorik handiena. Hori da Euskarabentura. Euskal Herria oinez zeharkatzea eta euskararen lurraldeko geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzea helburu duen ekimenaren bigarren ekitaldia ospatzen ari dira uneotan.

Euskal Herriko zazpi probintzietatik nahiz diasporatik inguratutako 16-17 urte bitarteko 121 euskalzale bildu ziren, Maulen, bidaiari ekiteko. Euskarabentura Elkartetik diotenez, «adin tarte hau da gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzeko unea.

Guk abenturan parte hartzen ari diren hiru tolosarrekin egoteko aukera izan dugu. Ioritz Segurola xerparekin, Haimar Martin xerpa-laguntzailearekin eta Garazi Oiarzabal jzioquitarrarekin.

Bi tenpluetara bisita gidatuak

Betidanik esan izan da, materialak nahiz ez materialak diren kultur ondasunak kontuan izanez gero, Tolosa herri oso aberatsa dela. Aberastasun hori baliatu nahi dute, aurtengo udan, bertara hurbiltzen diren bisitariek nahiz oporrak bertan igaroko dituzten herritarrek plan gehigarri bat izan, eta herriari buruzko ezagutza areagotzeko helburuarekin. Hain justu, Santa Klara Eliza eta Santa Maria Parrokia ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu, udalak, doan.

Atzo egin zuten aurkezpena, bi tenpluetan. Nerea Letamendia Turismo eta Azoketako zinegotziak adierazi zuenez, «urtean zehar antolatzen diren bisita gidatuez gain, Santa Maria parrokia herritarrei nahiz bisitariei erakusteari ekin genion 2016ko udan. Eskaintza hauek izan duten arrakasta handiaren ondorioz, aurten berrikuntza bat gehitzea erabaki dugu». Hiru urte hauetan, zenbait datu ere bildu ditu udalak. «Iaz izandako bisitarietatik %18 tolosarrak ziren, beraz, azpimarratzekoa da herritarrengan interes handia dela jakitea, baita Tolosak duen ondare historikoaren gaineko ezagutzaren parte izan nahi hori ere».

Ramon San Sebastian tolosarra izango da bi tenpluetan gida lanak egingo dituena. Euskal Herriko Unibertsitatean, Artean eta Historian graduatua da. Azken hilabeteetan eraikinen gaineko kondairez, istorioez eta ezaugarriez aberasten aritu da, azalpenak behar bezala prestatzeko. Bisita gidatuetarako bere helburu nagusia, «aberastasun guztiaren kontzientzia izatea eta hori zabaltzea» da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!