Ekosfera
Euskadi Irratian, astean behin Jokin Aldazabal kazetariak gidatzen duen Ekosfera saioaren amaiera festa ospatu zuten, larunbatean, Tolosan. 9 urteren ondoren, ingurumenaz eta hausnarketaz aritzen diren kolaboratzaileekin batera esan zien agur irrati uhinei.
Goizean hasi zen ekosfera eguna, bi bisita gidaturekin. Batetik, eta Mikel Olanoren laguntzaz, Elosegi parkean zehar ibili eta txoriak entzuteko aukera izan zuten 15 bat lagunek. Bestetik, Brian Cullem Tolosaldea Tour-eko gidak, alde zaharraren historia eta bitxikeriak azaldu zizkieten bertaratu zirenei.
Ondoren, kultur etxean elkartu ziren. Guztira, 20 bat lagunek entzun zituzten irratsaioko kolaboratzaileek eskainitako hitzaldiak. Ekologiaz, Arantxa Txintxurreta aritu zen: Kristina Zuza, berriz, Fisikaz; Kimikaz aritzeko, Josu Lopez-Gazpio tolosarrak hartu zuen hitza. Azkenik, Aitziber Sarobe ingurumenaz hitz egin zuen, eta Ortzi Akizuk, kontsumoaz.
Hasieran eta amaieran, zuzeneko musika izan zuten Mariaje Rekondo, Amaia Lizaso eta Amaia Arostegi musika eskolako irakasleen eskutik. Musikariek, irratsaioko sintoniak zuzenean interpretatu zituzten. Azkenik, antzerki obra bat izan zuten kultur etxean, taldeko argazkia atera eta bazkaltzeko elkartu aurretik. Hona hemen Jokin Aldazabalen hitzak.
Sormenetik
Larunbatean egin da Sormenetik egitasmoaren urteko lehenengo saioa. Oraingoan, Garbiñe Ubeda idazle tolosarra elkarrizketatu du Yurre Ugartek eta bien artean, Ubedaren ibilbidea errepasatu dute. Bere bizitzari eta ibilbide profesionalari buruz hitz egiteaz gain, gaur egun Euskal Idazleen Elkartearen erronkak zein diren ere aipatu ditu Ubedak, izan ere, elkarteko lehendakaria da 2018tik. Elkarrizketarekin tartekatuz, Ione Gorostarzu idazleak poesia errezitatu zuen Hodei Yañez musikariaren doinuekin batera. Hona hemene solasaldiaren zati bat.