Bisigu festa
Tolosa eta Orio. Orio eta Tolosa. Historia ezberdina duten bi herri, baina aldi berean, ibai berak elkartzen dituen antzeko bi kultura. Oriok, aspalditik lotura berezia izan du bisiguarekin. Tolosan, berriz, urte batzuk atzera eginda, 38 sagardotegi aurkitzen ziren. Hori horrela, Tolosak, betidanik oso estimatuak izan diren bi produktu horiek uztartuko ditu asteburu osoan zehar, Zerkausia erdigunean jarriz.
Txinparta elkarteak, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteak eta Tolosa Gourmetek, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, XI. Bisigu eta Sagardo Festa antolatu dute, gaurtik hasita. Otorduetarako eta bisita gidatuetarako txartelak, turismo bulegoan, 943 697 413 telefono zenbakira deituz edo tour@tolosaldea.eus helbidera idatziz eros daitezke.
Ondorengo minutuetan, Amaia Zubeldia, Sagardoa Route elkarteko kidea, Jon Ormazabal Txinparta elkarteko lehendakari ordea eta une honetan funtzioetan Tolosako alkatea den Olatz Peon entzungo dituzue, egitaraua eta festak herrian duen garrantzia azaltzen.
Gure Zirkua
4 hilabete, 12 herri, 97 emanaldi, 25000 ikusle... Horiek izan ziren iazko udan Iker Galarza, Joseba Usabiaga eta konpainiak, euskarazko lehen zirkuari esker lortutako datuak. Ikaragarriak, ezta? Bada, aurten beste bira bati ekin berri diote. Gainera, iaz baino bi hilabete gehiagoz izango dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan saioak eskaintzen. Une honetan, Gasteizen dira, eta gaur hasita, datozen hiru asteburuetan izango dituzte emanaldiak Arabako hiriburuan. Maiatzean, berriz, Oiartzunen eta Berrizen izan ziren. Iaz lortutako arrakastari buruz eta aurtengo udako asmoen inguruan galdetuta, honako hau erantzun digu Iker Galartzak:
Jolastu, jolastu eta jolastu!
Ikastetxeek betidanik izan dute haur eta gaztetxoak ahalik eta egokien hezteko helburua. Ikasle aplikatuak nahi izaten dituzte, baina aldi berean, baita pertsona onak ere. Ikasleek, orduak igarotzen dituzte mahai eta arbel artean, testuak irakurtzen eta ariketak egiten, ikaskideekin egoteko asti handirik izan gabe. Horretarako izaten da jolas ordua.
Baina, zer da jolastokian gertatzen dena? Bada, askok futbolean jolastea aukeratzen dutela. Ez da fenomeno berri bat. Hezkuntzan urteak daramatzate ikasleei jolas aukera berriak eskaini nahian, kirol guneak baztertu gabe. Azken ikasturtean, esaterako, Tolosako Samaniego ikastetxean, Jolastu, jolastu eta jolastu! proiektuari esker, zenbait gune eraberritu dituzte, Tabakalera zentroaren laguntzarekin.
Ikasturtea hasi aurretik, eskolan bertan, zenbait behar detektatu zituzten, ematen ziren jolas praktikak nahiz jarduerak aberasteko. Proposatutako ideiatik abiatuta, egingarri izan zitezkeen aldaketak adostu zituzten. Hala ere, jolasa ardatz izanik, pedagogikoa izan behar zuen hezkuntza prozesuak. Hortik abiatuta jarri zioten izen hori. Prozesu guzti honetan, Samaniegoko ikasle eta irakasleek, Ana Revuelta Tabakalerako hezitzailearen laguntza izan dute, eta berak, ikasturte osoko lana nolakoa den azaldu digu. Hona hemen berarekin izandako solasaldia: