Fotopic, Haurren Hiria eta osoko bilkura

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko maiatzaren 24a

Ostegunero bezala, hemen entzun ahal dituzue, ordubetean jasota, azken astean Tolosan jasotako albisteak eta elkarrizketak, baita agendaren tartean, datozen egunetarako aurreikusita dauden ekitaldien inguruko informazioa ere.

Fotopic

Formatuz aldatuta iritsi da Fotopic aurten. Zozketa bidez aukeratuak izan dira bi saridunak: Regina Karrera eta Maria Probanza. Karrerak jaso zuen saria, Probanzak ezin izan baitzuen sari banaketa ekitaldira gerturatu.

Parte hartzaileek argazkiak aurkeztu behar izaten dituzte, eta aurten ez du epaimahai batek aukeratu saria. Argazkiaren kalitateari ez diote garrantzirik eman, baizik eta parte hartzeari. Eta helburuen artean, jende gehiagoarengana iristea izan dute.

Ondorengo minutuetan, Maria San Sebastian Topiceko arduraduna entzungo duzue, Eneritz Maiz lankidearekin sari banaketaren egunean izandako solasaldian. Argazki lehiaketaz gain, museoaren 10. urteurrenaz ere aritu ziren.

Haurren Hiria

Haurren Hiria proiektua herritarrei zabaltzeko ekitaldia izan zen, larunbatean, Alondiga plazan. Herriko mugikortasuna izan da aurten landu duten gaia, eta udal ordezkariei horren berri eman zieten.

Mugikortasunari lotuta dauden beharrak identifikatu zituzten, adin, behar eta ibilgailu motak kontuan hartuta. Bost urtetako bidea ikusgai egon zen, panel eta pantaila bidez.

Haurren Hiria logoa duten zapiak banatu zituzten, eta jolas ezberdinez gain, txapak egiteko aukera izan zuten bertaratu direnek. Txirrina jaso zuten oroigarri moduan, eta udal ordezkariei landutako guztia helarazi ostean, hamaiketako ederra egin dute parte hartzaile guztiek. 

Aurretik, Haurren Hirian parte hartutako haurrek Olatz Peon alkateari opari bat egin zioten. Eskerrak emateaz gain, hitz eman zien haurrei, beraiek aurkitu dituzten akats guztiak kontuan hartuko dituztela, eta lanean jarriko dituztela udaleko teknikariak. Ondoren, haurren hitzak entzungo ditugu, aurkitutako beharrak alkateari adierazten.

Osoko bilkura

Tolosako Udalak pasa den astean ospatu zuen udal hauteskundeen aurreko azken osoko bilkura. Batetik, Tolosako Hiri Ordenantzako Plan Orokorreko 12.1 Azpiesparruan (Alondegia) dagoen lurzoru zati baten erabilera eta jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiari uztea onartu zuten, adineko pertsonei egoitza-harrerako zerbitzu zabalagoa eskaintzeko. Bestetik, udal langileen ordainsariak igotzea eta diru-laguntzen ordenantza aldatzea ere onartu zuten. Hona hemen osoko bilkurak emandakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!