Musikaria eta Musikherria
Urtean zehar, askotarikoak izaten dira Tolosan kulturaren inguruan antolatzen diren ekimenak. Ikasturtea amaitzear denean, eta udaberrian bete-betean sartuta gaudela, musikak hartzen du erreleboa. Bertakoak nahiz kanpokoak, erritmo eta kolore guztietako musikak. Larunbatean ekingo diote 25. Musikariari. Astebetez, talde desberdinen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Hilaren 25ean, berriz, Musikerria festak hartuko du Tolosa, egun osoan doinu desberdinak entzuteko aukerarekin. Ondoren, Patxi Amantegi alkateordea, Amaia Lizaso musika eskolako zuzendaria, eta Aitor Altuna Musikerriako antolatzailea entzungo dituzue, bi ekitaldien inguruan.
Tolosa Zuria Loretan
Ia 40 urte dira Anoetako Azpiazu Mintegiko Iñigo Azpiazu eta Isabel Azurzak, larunbatero, Berdura plazan lore eta landare postua jartzen dutela. Hori dela eta, euren etxean aurkeztu zuten, atzo, aurtengo Tolosa Zuria Loretan ekimena. Proiektu hau, Hiri Ekonomia osatzen duten eragileek elkarlanean sortu zuten, eta asteburuan zehar, hamaika ekitaldi izango dira, Tolosaldean dagoen landare eta kultur zaletasuna sustatu asmoz. Ondoren, Nerea Letamendia Azoka eta Turismo zinegotzia, Amaia Lizaso musika eskolako zuzendaria, eta Brian Cullen Tosako gida entzungo dituzue, asteburuko ekitaldien inguruan.
Tolosaldean nola jan?
Eskualdeko egitura sisteman eragiteko sortu zuen, Tolomendi elkarteak, Jan Tolosaldea egitasmoa. Bertako ekoizle sareak produzitzen dituzten produktu eta elikagaien kontsumoa bultzatzea da helburua, estrategia hori aurrera eramatea alegia. Horretarako, eragile desberdinek esku hartzen dute, elikadura kate horretan: ekoizleak, ostatuak edo ostalaritza lokalak, komertzio txikiak, udalak, sektoreko ordezkariak... eta noski, gizarteak oro har ere bai.
Askotan esan ohi da, ostatuek jateko edota edateko soilik balio duten guneak direla. Baina, berez, zer da ostatu bat? Zein dira bere oinarrizko funtzioak? Eta osagarriak? Galdera berak egiten dizkiete Ainhoa Zabala eta Imanol Olano Tolomendiko kideek euren buruei. Izan ere, eskualdean herriko ostatuek bizi dituzten egoerak kontutan hartuta, tokiko ekonomian eragiteko beharrezko eragileak direla esan daiteke. Orain, diagnostiko bat egin dute, kudeaketaren eta bertako produktuen erabileraren inguruan. Horrez guztiaz eta gehiago hitz egin dugu beraiekin. Horrez gain, Leire Lizeagak, Larreta esnekien enpresaren funtzionamendua eta ekoizpen maila azaldu digu, eta Paulo Garaialdek, berriz, orexako ostatuak herrian ze garrantzia duen eta bertako produktua nola erabiltzen duten kontatu digu.