Lehenik eta behin, Tolosa herria nazioarteko argazki lehiaketaren, gogoko.eus webgune berriaren edota Udate Herritarren Arreta Zerbitzu eraberrituaren berri eman dugu.
Ondoren, zezen plazak historian izandako garrantziaz hitz egin dugu. Zortzi hamarkada egin behar dira atzera. 1939ko apirilaren 1a: hiru urtez Espainiako II. Errepublikaren aurka matxinatutako militarrek garaipena aldarrikatu zuten, ofizialki, Francisco Franco jeneralak eskuz idatzitako gerra partearen bitartez. Europako herrialde askotan bezala, faxismoa gailendu zen Espainiako Estatuan. Frankismo deitu zitzaion ordutik aurrerako erregimen politiko berriari, mugimenduaren buruzagi zen jeneralarekin identifikatuta. Tolosaldean ere izan zuen eragina.
Bostehun lagun erail zituzten, ehunka herritar espetxeratu eta erbesteratuz. Gainera, tolosako zezen plaza, frankisten kontzentrazio esparru bilakatu zuten hilabete batzuz. Horren inguruan informazio gehiago emateko, Manu Ayerzarekin bildu gara. Hona hemen berak lehen pertsonan azaldutakoa.
Gainera, Tolosaldeko trikiti mugimendua indarberritzeko, herritar batzuek, egitasmo berri bat sortu dute. Ekainaren 2an, elkar ezagutu asmoz eta festa giro ederrean, bazkaria egingo dute Benta Aldea jatetxean. Edozein erromeritan elementu berezirik baldin bada, hori trikitia da. Instrumentu horrekiko zaletasuna, geroz eta handiagoa da Tolosaldean. Hori dela eta, elkarte berri bat sortu dute, eta Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai bertako kideak dira. Eskualdeko zale oro gonbidatzen dituzte beraiekin elkartzera.