2020ko egutegiko auzoen argazkiak bidaltzeko azken egunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uztailaren 12a

Astelehenean amaitzen da Tolosanklisk argazki lehiaketarako lanak bidaltzeko epea; herriko auzoak da aurtengo gaia. Urriaren 1ean ezagutuko dira irabazleak.

Tolosako Udalak 2020ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu zuen berriz. Oraingoan 'Tolosako auzoak' da gaia. Parte hartu nahi eta argazkirik bidali ez dutenek, aukera dute oraindik; astelehenean amaitzen da epea. Jasotzen ari diren argazkiak tolosanklisk.tolosa.eus webguneko 'bidalitako argazkiak' atalean daude ikusgai.

Irailaren 6an epaimahaiak 40 argazki finalista hautatuko ditu. Argazki horiek webgune bereko 'bozketak' atalean ipiniko dituzte, herritarrek ikusteko aukera izan dezaten. Irailaren 7tik 21era bitarte, berriz, argazki gogokoena bozkatzeko aukera izango da.

Urriaren 1ean emango da jakitera bozketaren emaitza. Orduan ezagutuko dira egutegiko azalaren jabea eta 600 euroren irabazlea, eta epaimahaiak aukeratuko dituen gainerako hilabeteetako argazkiak (horien jabeek 200 euro lortuko dituzte). Egutegia bera, azaroaren 6an, 7an eta 8an banatuko da, Zerkausian, eta ondoren, kultur etxean.

Iaz, 61 partaideren 256 irudi aurkeztu ziren. Horietatik 40k pasa zuten epaimahaiaren oniritzia. Jasotako 1.325 bozketatik, 418 Cristina Almadaren Begiradak irudiak jaso zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!