«Beharrezkoa da plater guztietan barazkiak jartzea lehenestea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 11a, 13:51

Assumptio Proinnova fundazioak antolatuta, 'Elikatu zure osasuna' hitzaldi didaktikoa izango da, Zerkausian. Elikadura osasuntsuari buruz ariko dira, zuzeneko sukaldaritzarekin.

'Osasuna Kalean' kanpainari esker, herritarrak osasun gaiez hezten eta ohitura onak hartzera bideratzen aritu dira zenbait profesional. Gaur izango da azken saioa, 18:00etan, Zerkausian. Elikadura osasuntsuaz eta ondorio arriskutsuez ariko dira. Ariane Nuñez (Azkoitia, 1994) adituak «ezinbesteko aholkuak» emango dituztela aurreratu du.

Zer entzun eta zer ikasi ahal izango da biharko hitzaldian?

Luis Sollet kardiologoarekin eta Roberto Ruiz sukaldariarekin batera ariko naiz. Saio oso berezia izango da. Batetik, Sollet, gure gorputzarentzat arriskutsuak izan daitezkeen faktoreez mintzatuko da. Nik, berriz, horiek saihesteko azalpenak emango ditut. Saio didaktiko bat eskainiko dut, bertaratutakoek, bizpahiru aholkurekin, beraien ohiturak aldatu ditzaten.

Eta zein izango da Roberto Ruiz sukaldariaren egitekoa?

Nik prestatutako menu bat kozinatuko du, bertako produktuekin. Barazkien kasuan, gainera, garaiko produktuez ari gara. Tomateak, adibidez, ez dira inoiz orain bezain zaporetsu egongo. Amaieran, bertaratzen direnek, menua dastatuko dute.

Zergatik da garrantzitsua elikadura aldetik gure osasuna zaintzea?

Elikadura ohitura txarra izatea, gaixotasun kardiobaskularren eragile nagusienetako bat da. Gaixotasun kardiobaskular bat izateko arriskuak handiagoak izan daitezke, hala nola, obesitatea, hipertentsioa edo diabetesa. Elikadura osasuntsuari esker erraza da arriskuak gutxitzea.

Nola lortu genezake hori?

Lehenik eta behin, opilak gisako elikagaiak baztertu beharko genituzke gure dietatik, baita alkoholdun edariak ere. Barazkien kontsumoa areagotu behar da; beharrezkoa da egunero bazkarian nahiz afarian jatea. Horrez gain, hiru fruta pieza jatea ere oso garrantzitsua da. Bestetik, arrain gehiago jan behar dugu, haragi gehiegi jaten dugulako. Azkenik, intxaurrak elikagai garrantzitsuak dira, bai bihotzerako, baita burmuinerako ere.

Zertan oinarritzen da elikadura ohitura egoki bat?

Gure metodologiari esker, jendeak hobeto jaten ikasten du. Plater guztietan beharrezkoa da edozein barazki jartzea; hori lehenetsi nahi dugu behintzat.

Eta nola alda daiteke jendearen mentalitatea edo ohitura?

Horretarako, gutako bakoitzak, gaizki elikatzeak ekar ditzakeen arriskuez jabetu behar du. Baina, batez ere, elikagai osasuntsuak kozinatzea erraza dela jakinarazi behar da. Lehen urratsa, begien aurrean menu koloretsu eta erakargarri bat jartzea da.

Ba al duzu udarako aholkuri?

Oporretan egoteak, eta osasuntsuak ez diren zenbait elikagai, izozkiak esaterako, jateak, ez du esan nahi eguneroko elikadura ohitura aldatu behar dugunik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!