"Etorkizun gehien duen klubetako bat da Tolosa Eskubaloia"

Ataria 2019ko uzt. 10a, 19:59

Ibilbide berri bati ekingo dio azken bost urteetan Tolosa Eskubaloiaren talde nagusiko entrenatzaile izan den Alex Noguesek.

Tolosa Eskubaloiko entrenatzaile bost urtez izan eta gero, Errenterian bizi den Alex Nogues (Donostia, 1969) Bera Bera taldeko bigarren entrenatzailea izango da. Tolosako taldearekin lotura izaten jarraituko duela esan du, Jon Iraola entrenatzaile berriari laguntzeko.

Nola hartu duzu taldez aldatzeko erabakia?

Ekainean zehar Bera Bera taldetik bigarren entrenatzaile izatea eskaini zidaten. Ligako eta kopako tituluak irabazteko, eta Europan jokatu ahal izateko aukerak hor daude, emakumezkoen ligako puntako taldea baita, eta buruari bueltak eman ondoren, ikusi nuen aukera ona zela.

Zaila izan da Tolosa Eskubaloia uztea?

Erabakia konplikatua zen. Azken urte hauetan oso ondo txertatu naiz klubean. Nik uste dut lan on bat egin dugula, gainera helburu onak lortu ditugu. Bera Bera taldera joatea erabaki ondoren, formula bat bilatzen ari gara kolaboratzen jarraitzeko, azken urte hauetan eraiki dugun guztia bide berdinean jarraitu dezan. Ikusiko dugu hasieran lagunduko dudan edo denboraldian zehar ere ariko naizen kolaboratzen.

Jon Iraola izango da entrenatzaile berria. Zer iruditzen zaizu kargurako?

Lehendakariarekin hitz egin nuenean, esan nion kluba estruktura aldetik urte hauetan asko hazi dela bai jokalari aldetik eta baita entrenatzaile aldetik ere. Jendea rol gehiago eta eskarmentu gehiago hartzen joan da, eta lehen aukera zen klubean bertan begiratzea. Jon, esaterako, jubenilen taldeko entrenatzaile bezala Euskadiko txapeldunorde izan da eta Espainiako Txapelketara joan da. Jokalari ohia da, eta taldeko jokalari guztiak ezagutzen ditu, kluba ezagutzen du, eta nire ustez ondo aterako da bai ala bai.

Espero zenuen lortu duzuena lortzea bost urte hauetan?

Nik badakit nola entrenatzen dudan, eta zer eman dezakedan, baina gero kontrolatzen ez dituzun faktore asko daude. Orain bost urte esan bazidaten igoera bat, bi liga, bi igoera fase eta bi hirugarren postu lortuko genituela, ezinezkoa zela esango nuen. Baina azkenean hori izan da lortu duguna. Jende asko izan da atzetik, jokalari asko, zuzendaritzaren lan asko, eta horrek ekarri du oinarriari begiratuta Tolosan etorkizun oso ona dugula ikustea, eta hori sustraituta geratu dela.

Une on eta txarrak izango ziren.

Dena ondo badoa, normalean ez daude arazoak edo horiek txikiagoak ikusten dira. Erronka handiena da arazo bat sortzen denean, nola egin aurre horri eta nola joan aurrera. Onena izan da une txarrak kudeatzen eta salbatzen jakin izana, eta horiek dira gero indartsuago egiten zaituztenak, bai klubaren barruan eta baita kanpora begira ere. Momentu onena bigarren urtean ligako txapeldun izatea, etxean igoera fasea jokatzea eta igoera lortzea izan zen. Eta txarrena bigarren mailan egindako urtea izan zela esan daiteke; lehiatu genuen eta partida asko gol batengatik galdu genituen, eta azkenean jaitsi egiten zara eta zapore garratza geratzen zaizu, ikusita gutxi falta izan zela maila mantentzeko.

Zer meritu izan zuen bigarren mailara igotzeak?

Gipuzkoan talde gehienak amateurrak dira. Esterako, aurtengo igoera fasera joan garenean, bertan izan gara Asobalen jokatu izan duten jokalariekin eta egun 35 urte inguru dituztenak. Gure jokalari beteranoenek 28-30 urte zituzten. Zein da ezberdintasuna? Beste taldeetako jokalari horiek jasotzen duten dirua jokatzeko. Tolosako taldearen bezalako kasuan, gertatu daiteke jokalariek urte horiekin seme-alabak izaten hasten direla, eta uzten joan daitezkeela. Azken finean, aurrekontuaren aldetik dagoen ezberdintasun da; horrek ere eragiten du ezin duzula fitxatu beste taldeek bezala. Azkenean, Tolosaldean behar da azpiegitura ekonomiko gehiago izatea, babes gehiago, oinarria hobeto kudeatu eta jokalariei dirua ordaindu ahal izateko.

Azken urte honetan liga irabaztea lortu duzue. Hori ere baloratu behar da, ezta?

Nik jokalariei esaten nien egoerak erakusten duenaren baino helburu konplexuagoak jarri behar direla, bestela segituan gelditzen zarela. Beraz, aurtengo denboraldian eskatu nien jokalariei askoz zabalago pentsatu behar genuela, liga irabaztera joan behar genuela... Eta azkenean hori gertatu zen: jendeak gora begiratzen du, eta gutxiagotik gehiagora joaten zara, eta denboraldia bukatu genuen ligako txapeldunak izaten Anaitasunari bere etxean irabazita: ezin da gehiago eskatu.

Nola ikusten duzu Tolosa Eskubaloiaren etorkizuna?

Nik uste dut Gipuzkoan, eta EAEn ere, etorkizun gehien duen klubetako bat dela. Ez bakarrik mutiletan, nesketan ere pausoak ematen ari dira, eta denboraldi honetarako ez, baina hurrengorako ziur aski emakumezkoen senior taldea atera ahalko da. Orokorrean jokalarien maila ona da. Ni banoa, baina etxeko entrenatzaile bat izango da. Jokalari batzuk utzi egin dute, baina ez duzu kanpora joan beharrik, etxean bertan badaudelako horiek ordezkatzeko.

Datorren denboraldian ze helburu izan beharko luke talde nagusiak?

Nik uste dut jokalariek eta teknikoek gora begiratu beharko luketela. Igoera faserako izaten diren bi postuetako baten bila joan beharko lukete. Gazte jendea sartuko da, kalitatekoa, eta horiek lehenbailehen prestatu behar dira lehiatzeko eta helburu handiak izateko. Hortik aurrera, beste lehiakide guztiak nola dauden ere ikusi egin behar da. Baina, begiratu, taldeak gora begiratu behar du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!