Uztaila hastearekin batera, festarako aukera ugari Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 4a, 08:59

Gaur hasiko dira festak Iurramendi auzoan, bihar Amarotzen, eta larunbatean, berriz, Alde Zaharreko sanferminak izango dira Plaza Berrian.

Amaitu zen ikasturtea, eta igaro ziren sanjoanak. Agintariaren festak amaitzearekin batera, herritar askok hartu dituzte oporrak. Hala ere, bertan geratu direnek, ondo pasatzeko aitzakia ugari izango dute datozen egunetan. Urteroko tradizioari jarraituz, jaiak ospatuko dituzte Tolosako Iurramendi eta Amarotz auzoetan. Larunbatean, berriz, indar handia hartu duen festa ospatuko da Plaza Berrian: Alde Zaharreko sanferminak.

Bi auzoetan ere, tradizioari jarraituz, urtero osatu izan duten egitaraua mantenduko dute aurten, aldaketa batzuekin. Amarotzen, Atila y los unos taldeak larunbatean eskainiko duen kontzertua izango da ekitaldi nagusienetakoa. Beste urte batez, gastronomia lehiaketak eta danborrada egingo dituzte. Gainera, auzoko antzerki astearekin bat egingo dute jaiek, eta bi kale ikuskizun izango dira asteburuan. Iurramendi auzoan, berriz, auzo afaria izango da egunero. Bihar, iaz bezala, gazteen erronka ospatuko da, eta larunbata izango da jaietako egun indartsuena.

ALDE ZAHARRA, ZURI-GORRI

Iruñeako San Fermin festak irauten duten bitartean, egunero, goizeko 8:00etan, suziria jaurtitzeko ohitura du Migel Angel Bermudez, Tolosako fruta-saltzaile ohiak. Entzierroa hasten den une berean, Tolosan ere lehertzen da txapligua. Larunbatean, baina, bigarren suziri bat ere lehertuko da. Bereziagoa. Plaza Berrian izango da, 12:00etan. Horrela, hasiera emango diete Alde Zaharreko sanferminei.

Hasierako urteetan, Errementari kaleko Katxutxo taldeak antolatzen zuen egun osoko ospakizuna. IV. Ediziotik aurrera, ordea, Alde Zaharreko bizilagunez osatutako Errota elkarteak hartu zuen erreleboa. Beraiena izan zen, urte batzuez, etxeko txikienen ilusioa pizteko jaia antolatzearen ardura. Hasierako urteetan, topaketak eta ekintza ezberdinak antolatzea zen helburua, batez ere, Alde Zaharra animatu nahian. Hala ere, denbora falta zela eta, bizilagunak gozaraztearekin konformatzen ziren.

Egun, Plaza Berrian bertan kokatutako Kabi Alai elkarteak antolatzen du festa. Aurten ere, ohiko egitaraua mantenduko dute, eta txupinazoaz, puzgarriez eta entzierro txikiaz gain, pintura tailerra ere izango da. Festa amaitzeko, Iruñean uztailaren 14an egiten duten moduan, Gaixoa ni kantua abestuko dute guztiek batera. Festara, zuri koloreko jantziekin eta zapi gorriarekin bertaratzea eskatzen dute elkartetik.

IURRAMENDIKO FESTAK

Uztailak 4, osteguna

21:00. Auzo afaria (norberak berea).

Uztailak 5, ostirala

17:30. Txupinazoa.

18:00. Haur jolasak eta kamisetak margotzeko tailerrak.

18:30. Gazteen erronka.

20:30. Auzo afaria.

23:00. DJ Xabi.

Uztailak 6, larunbata

12:00. 3x3 saskibaloi txapelketa.

14:00. Paella jatea.

18:00. Folk kontzertua: Deiedra.

19:30. VIII. Iurramendiko Toka Txapelketa.

20:30. Patata tortila lehiaketa.

21:00. Auzo afaria.

AMAROTZEKO FESTAK

Uztailak 5, ostirala

16:00. Suziria eta buruhandiak.

16:30. Haur jolasak festagunean.

18:00. Karta jokoen finalak Beti Gazteak lokalean.

18:30. Profesor Karoliren 'El Hombre Rueda' kale ikuskizuna.

Ondoren. Txokolate beroa.

19:30. Kontzertua: Tolosako Musika Banda.

20:30. Auzo poteoa, Iñaki Bizkairen eskutik.

21:30. Mozorro gaua: auzo afaria eta DJ XA2 goizaldera arte.

Uztailak 6, larunbata

10:00. Diana Konponezinak txarangarekin.

10:30 eta 15:30. Haur jolasak eta puzgarriak.

12:00. Ajoarriero lehiaketa.

12:30. Auzoko haurren dantza saioa.

14:30. Ajoarriero lehiaketako sari banaketa eta auzo bazkaria.

16:00. Auzoko mus txapelketa.

17:00. Haurren futbol txapelketa.

18:30. Sagardo dastaketa eta Batumore batukada feminista.

20:30. Euskaraokea eta playback-a.

21:30. Oilasko parrillada

23:30. Kontzertuak: Atila y los uno eta DJ XA2.

Uztailak 7, igandea

9:30. Diana Tolosako Udal Txistulari Bandarekin.

11:00. Auzoko danborrada, Konponezinak txarangak lagunduta.

12:30. Larrain dantza auzoko dantza taldearen eskutik.

13:00. Edu Manazas artistaren 'Circo a medias' kale ikuskizuna.

14:30. Auzo bazkaria, Konponezinak txarangak girotuta, eta karta-jokoen lehiaketetako sari banaketa.

18:00. Aurreskua.

18:30. Toka txapelketa.

19:00. Areto dantza.

20:00. Sardina jatea eta DJ XA2.

23:59. Suziria eta sardinaren hileta.

ALDE ZAHARREKO SANFERMINAK

Uztailak 6, larunbata

11:00-13:30. Puzgarriak eta pintura tailerra.

12:00. Txupinazoa.

17:00. Buruhandiak eta entzierro txikia, zezenekin.

18:30. Txokolate beroa.

19:30. Gaixoa ni!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!