Tolosa CF Gimnastikakoak txapeldun, Estatu mailan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uztailaren 3a

Zaragozan jokatutako Espainiako Kopako bigarren fasea irabazi dute Lehen Mailakoek eta junior mailakoek.

Denboraldiari amaiera eman dio Gimnastika Erritmikoko Espainiako Kopak. Asteburu honetan, Zaragozan jokatu da bigarren fasea, eta bertan izan dira junior mailako nahiz Lehen Mailako Tolosa CF Gimnastikako neskak. Nerea Otaegi, Sara Alonso eta Arantxa Aristondo prestatzaileen aginduetara egon diren neskek taldekako txapelketa irabaztea lortu dute, bi mailatan.

Junior kategorian, Carla Aranzabe, Mara Herrera, Ismene Agirre, Onintza Sukia, Aitane Goikoetxea eta Ane Alustiza aritu dira 3 zinta eta 2 uztaiekin. Tolosarrak, beste 16 talderekin lehiatu dira. Lehen Mailan, berriz, Anne Lezea, Joane Zugasti, Irati Agirre, Iratxe Martin eta Saroi Eskisabel 5 pilotekin aritu dira, beste 6 talderen aurka. Eskisabelen esanetan, “sentsazioak oso onekin geratu ginen, baina ez genuen espero irabaztea. Azken asteetan ezin izan dugu guztiok elkarrekin entrenatu, eta beraz, oso zaila aurreikusten genuen maila ona mantentzea, aste bateko epean galera fisikoa handia izan daitekeelako”.

Lehen Mailako taldeak, 17.300 puntu lortu zituen. Bigarren eta hirugarren, Valentziako Roquette Benifaio eta Almara Burjassot taldeak izan ziren, 16.000 eta 15.150 punturekin. Juniorrek, bestalde, 15.250 puntu lortu zituzten. Eibarko Ipurua taldea sailkatu zen bigarren, 14.200 punturekin. Hirugarren, Gaztela-Mantxako Palas taldea izan zen, 13.900 puntu lortuta.

Sorpresa handia izan da bi taldeentzat. Junior mailakoek, gainera, iaz lortutako garaipena berrestea lortu dute. Lehen Mailakoentzat, berriz, bigarren aldia izan da gorengo mailako txapelketa batean, eta beraz, esfortzu orok emaitzak ematen dituela erakutsi dute. “Azken-aurrenak ginen, eta publikoarentzat faborito zen Vallecas taldea geratzen zen gure atzetik. Gure puntuazioa ikusita, bigarren postua ziurtatuta genuela iruditzen zitzaigun, oso indartsuak direlako. Hala ere, azkenean lortu genuen madrildarrei ere aurre egitea”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!