LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna dela eta, hamaika ekitaldi Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ekainaren 28a

Udalak ikur ezberdinekin atonduko ditu herriko txokoak. Erakusketa bat eta antzezlan bat ere izango dira ikusgai.

1969ko ekainaren 28an, Stonewall tabernako gertakariak izandako eguna, historikotzat hartzen du lesbiana, gay, transexual, intersexual eta queer-en askapen mugimenduak. Gau hartan, sexu- eta genero- desberdineko jendea isolaturik egoteari utzi eta sistemari aurre egiteko elkartu zen, beren burua erakutsi, beren eskaerak agerian jarri eta haiek diskriminatzen zituen sistema baten bidegabekeriaren aurka borrokatzeko.

Beste urte batez, LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi nahi du Tolosako Udalak, eta berriz berretsi nahi du sexu-orientazio eta genero identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka duen borrokatzeko konpromisoa.

Hori dela eta, eskubide hori aldarrikatzeko, hainbat jarduera antolatuko dira herrian. Jarduera horiez gain, San Joan festak hasi zirenetik, Zerkausia ortzadarraren koloreekin argiztatuta ageri da, eta horrela iraungo du igandea bitarte. Bestetik, gaur egun osoan zehar, udaletxeko balkoitik zintzilik jarriko dira LGTBIQ+ bandera eta Hiruki arrosa.

Herritarrei begira, baina, aldarrikapen keinu horiez gain, kultur ekintzekin osatu du egitaraua udalak. Batetik, Ura Iturraldek ateratako argazkiekin osatutako erakusketa zabaldu berri du Gernikako Arbolan, irailaren 6ra bitarte. Iran ezkutua du izena eta herrialde horretako LGTBI komunitateko kide diren gazte batzuen bizitza gogorra erakusten du. Bestetik, uztailaren 4an, Dúo de improvisación antzezlana ikusteko aukera izango da, Euskal Herria Plazan, 19:00etan, Kankaneo Teatroaren eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!