Amarotz, ezohiko artisten erakusleihoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 28a, 11:58

Asteartean hasi, eta uztailaren 11ra bitarte, egitarau zabala prestatu dute Amarotzeko 21. Antzerki Astea jaialdirako.

Duela bi hamarkada pasatxo, auzoan bertan, solasaldi baten bueltan antzerki zaleak ziren 4-5 bizilagun bildu ziren. Hasiera batean, auzoko jaietan antzerkiaren bueltan zerbait egitea zen asmoa. «Handik astebetera, 4-5 obra genituen mahai gainean», oroitzen du May Gorostiaga, Intujai taldeko kideak eta Amarotzeko Antzerki Asteko antolatzaileak. Horrela sortu zen lehen jaialdia. «Orduan, eskualdeko tailerrekin eta jende amateurrarekin osatzen genuen». Urte batzuk igarota, baina, talde propioa sortu zuten auzoan.

Antzerki astea, aberasten joan da, kanpoko artistak ekartzearekin batera. Gainera, auzoko festen parte bihurtzera ere igaro da. «Tolosan ohikoak diren bi aretoak oso urruti geratzen dira, eta askotan auzoak alde batera uzten dira. Intujai taldetik ezohiko artistei lekua egin eta ateak zabaltzen dizkiegu». Antzerki asteak duen arrakasta, ahoz aho zabaltzen joan dela nabari dute. «Azken urteetan mezu ugari jaso ditugu kanpoko taldeenak, eta askori ezezkoa esan behar izan diegu. Gehienek artistak ondo zaintzen ditugula nabarmentzen dute». Horrez gain, euskarazko saioek pisu handiagoa hartu dutela azpimarratzen du. «Hasiera hartatik hona, areagotu egin da euskal artisten indarra».

Aurtengorako, era guztietako saioak antolatu dituzte. Auzoko haur taldearen antzezlanarekin hasiko dira, ostegunean. «Oso sortzaileak dira, eta ideia bikainak izaten dituzte. Publikoarekin jolastea izango dute helburu». Egun berean, emakumeei buruzko bakarrizketa komikoa izango da, Alazne Etxeberria aktorearen eskutik. Asteazkenean, berriz, euskarazko bi saio izango dira; tartean, Berrobiko Txalo-Talo taldea izango da. Ostegunean, ohiko pintxo poteari kultur ukitua emango die, magiaz, musikaz eta umorez betetako saioan. Auzoko festen asteburuan, berriz, zirkua izango da protagonista. Azkenik, bigarren astean, Sahara ardatz izango duten bi saio izango dira. Une honetan, Auzo etxea obretan dagoenez, Amarotz jatetxeko lehen solairuan kokatuko den aretoan izango dira barruko saioak.

21. ANTZERKI ASTEA

UZTAILAK 2, ASTEARTEA

17:30. Kluedo Amarotzen eta sagutxo batzuk, Pailaztana Junior taldearen eskutik, Amarotz jatetxeko lehen solairuko aretoan (euskaraz).

22:00. Mujer blanca soltera busca bakarrizketa, Alazne Etxeberriaren eskutik, Amarotz jatetxeko lehen solairuko aretoan (gazteleraz).

UZTAILAK 3, ASTEAZKENA

17:30. Osaba untxia eta osaba Koioteren abenturak, Ostomila txotxongilo taldearen eskutik (euskarazko kale ikuskizuna).

22:00. Konplizeak antzezlana Berrobiko Txalo-Talo taldearen eskutik, Amarotz jatetxeko lehen solairuko aretoan (euskaraz).

UZTAILAK 4, OSTEGUNA

17:30. Ardi Latxa oihanean galdu zenekoa, Martxanilak taldearen eskutik (euskarazko kale ikuskizuna).

19:30. Pintxopoteatro, kale ikuskizuna, auzoko tabernetan zehar.

UZTAILAK 5, OSTIRALA

18:30. El Hombre Rueda, Profesor Karoli artistaren eskutik (gaztelerazko kale ikuskizuna).

UZTAILAK 7, IGANDEA

13:00. Circo a medias, Zaragozako Edu Manazas malabaristaren eskutik (gaztelerazko kale ikuskizuna).

UZTAILAK 11, OSTEGUNA

17:30. Saharako ipuinak, Dorleta Kortazarren eskutik, Amarotz jatetxeko lehen solairuko aretoan (euskaraz).

22:00. Sahara, gazte borrokalariak: hitz eta begirada zintzoak hitzaldia, lau emakume sahararren eskutik, Amarotz jatetxeko lehen solairuko aretoan (euskaraz).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!