"Bizipenak eta kezkak gorpuzteko prozesu bat da Arrakalak"

Iñigo Terradillos 2019ko eka. 27a, 13:04

Bertsioak kantatzetik euren abesti propioak egin eta eskaintzeko pausoa eman du Malentxo Zeberio eta Maitane Iruiñek osatutako bikote tolosarrak. Arrakalak izena eman diote proiektuari eta gaur Ibarrako Galtzaundi tabernan ariko dira, 19:00etan.

Ibarrako Galtzaundi tabernan ariko dira gaur, eta Tolosako Ezpala gaztetxean larunbatean, ekin berri dioten proiektuko abestiak jendaurrean aurkezten.

Soldata arrakala handiagoa dela emakumeak gehiengoa diren lanbideetan irakurri berri dugu. Zuen taldeari jarri diozuen izenaren arrazoietako bat izan daiteke?

Maitane Iruiñ. Izan daiteke. Arrakalak izena metafora moduan ulertzen dugu. Gure kezka, interes eta ezinegonak islatzen dituen zerbait da; albiste hori bada arrakaletako bat.

Malentxo Zeberio. Gauzak aldatzen saiatzeko grinarekin hartzen ditugu horrelakoak. Proiektu honekin gure arrakalak identifikatu, izena jarri eta azaleratu nahi ditugu. Erreminta bat da arrakala hauek aldatzen saiatzeko.

Txikitatik zaudete musikari lotuta, baina, berezkotik ere izan behar al da?

M.Z. Musikaria jaio egiten dela esaten da maiz, baina, lan handia egin behar da musikaria izateko. Ez da hainbeste dohaina izatea, nire ustez, beste gauza guztiak bezala landu egin behar da. Egia da zuri musika asko gustatzen bazaizu eta une oro musikarekin kontaktuan bazaude gehiago lantzen duzula. Nire kasuan, txiki-txikitatik aitaren pianoaren ondoan egon naiz.

M.I. Etxetik jaso dugu musikarekiko sentsibilitate berezi bat, horrek eragina dauka, eta eskertzeko zerbait da. Baina, horrek ez du kentzen atzetik dagoen lana.

Abestien bertsioak joz ikusi zaituztegu, baina, orain zuek eginikoekin hasiko zarete.

M.Z. Kontzertu baterako prestatzen ari ginela, konturatu ginen bertsioak egiteak ez gintuela hainbeste motibatzen. Beti betikoa jotzen nekatu egin ginen, eta gurea den zerbait sortzea pentsatu genuen. Entsegu horretan gure proiektuaren zutabeak finkatu genituen. Ordutik koaderno batean elkarbanatzen egon gara gure ezinegonak. Gero audioen bitartez melodiak elkarri bidaliz aritu gara. Eta horrela joan gara osatzen dena.

M.I. Askapen moduko bat ere izan da proiektua. Entsegu hartatik aurrera barruan genuen guztia joan gara pixkana ateratzen. Adierazteko modu desberdinak ditugu, baina, gure bizitzako etapa honetan modu honetan adierazteko beharra sentitu dugu. Gure bizipenak eta kezkak gorpuzteko prozesu bat izan da Arrakalak.

Arrakalak beti al dira negatiboak?

M.I. Hormetan ateratzen diren pitzadurak dira arrakalak. Bide bat egiten doa, eta bizitzaren bidearekin konpara daiteke.

M.Z. Gure artean eztabaidatu dugun zerbait izan da. Ez dira bete beharreko zerbait. Hutsune edo arrakala horiek identifikatu eta lanketa bat egitearekin agian nahikoa da.

Eta nola ulertzen duzue musika?

M.Z. Ez dut geldi dagoen zerbait bezala ulertzen, momentuan daukazun hori ahal duzun moduan ateratzeko erreminta moduan baizik. Gauza berriak probatzea, esperimentatzea bezala ulertzen dut. Erosotasunak beldurra ematen dit, eta profesionalizatzeak horretara bultzatu dezake.

M.I. Momentuak berak eskatzen dizun zerbait da. Idazteko edo abesteko behar hori sentitzen duzu. Etortzen zaizun horri momentuan eman behar diozu erantzuna. Horretarako ezagutza ere oso garrantzitsua da, musika estilo desberdinak jorratzea, esaterako.

Zeren inguruan idazteko beharra sentitzen duzue?

M.I.Harremanen inguruan, esaterako. Sormenaz, denboraren iragaiteaz, unea bizitzeaz...

M.Z. Aldaketen une batean gaude orain. Nik batxilergoa amaitu berri dut, eta hurrengo urtean Gasteizera noa unibertsitatera. Maitane, berriz, Txilera doa sei hilabetez.

M.I. Bestalde, bioi mendira joatea asko gustatzen zaigu, eta mendian ideia asko sortzen dira. Askatasunaren inguruan ere hitz egin dugu asko. Poesia txiki batzuk ere sartu ditugu arrakala horien inguruan.

Zuek bion artean ba al daude arrakalak?

M.Z. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Proiektua hasi genuen unetik argi zegoen biok ideia bera genuela, eta horregatik ez da gaizki ulerturik egon.

M.I. Eta, hori islatzen da sortzeko garaian. Bata bestearen ezaugarriak ezagutzen ditugu, eta elkarri aitortzen dizkiogu bakoitzaren arrakalak.

Etorkizun hurbila nola ikusten duzue?

M.Z. Oraindik ez dugu ezer grabatuta, eta nahiko genuke grabatu, guretzat bada ere. Kontuan hartzeko beste ezaugarria da, hau guztia momentu jakin honetan sortutakoa dela. Maitane hemendik sei hilabetera Txiletik itzultzen denean agian ez gara leku berean egongo. Ikusiko da norantz doan.

Zein musikari edo musika talde da zuen erreferente?

M.I. Oso estilo desberdineko musika ugari entzuten dugu.

M.Z. Uste dut gurea Katamalorekin pareka daitekeela, abestiak eta poesia trukatzeko ideiarengatik. Norah Jones, Esperanza Spalding edota Damien Rice bezalakoen musikarekin asko identifikatzen gara, baina, egia da jazza edo rocka ere entzuten ditugula.

Zuen musika jendeari erakusteko unea iritsi zaizue.

M.I. Galtzaundi tabernan ariko gara gaur; larunbatean, hilaren 29an Tolosako Ezpala gaztetxean eta uztailaren 4an Legorretako erretiratuen tabernan. Hirurak 19:00etan izango dira.

M.Z. Hiruretarako oso gustura gaude, eta bereziki motibatuta gaude Ezpalako kontzerturako.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!