Bederatzi hilabeteko borrokari jarraipena, Gipuzkoan zehar

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 26a, 19:57

Orain arteko 62 greba egunei, beste 26 gehitzea erabaki dute probintziako zahar etxeetako emakume langileek, uztailaren 12ra bitarte. Tartean, kanpaldi bat egingo dute.

2016ko abenduan amaitu zen aurrez sinatuta zuten hitzarmena. Handik hilabetera, Negoziazio Mahaia osatu zuten, sindikatuetako kideek euren proposamenak aurkeztu zituztelarik. Horrela, urtebete igaro zuten elkar adostu nahian. Iazko udara aurretik, baina, ELAko kideak Negoziazio Mahaia alde batera uztea erabaki zuten, patronalak eurak proposatutakoa ziurtatzen ez zuelako. Ondorioz, irailaren 28an ekin zieten lanuzteei. Horrela, hilabetero geroz eta egun gehiagoz utzi zioten lan egiteari, Gabonak bitarte.

Bitarte horretan, ELA sindikatuarekin elkartzeko esan zion Foru Aldundiak patronalari. «Hitzarmen on bat lortzean, beraiengana joateko, eta eurak finantzatuko zutela aitortu ziguten. Foru Aldundira joandakoan, baina, guri ordaintzeko dirurik ez zutela adierazi ziguten. Hori baino larriagoa izan zen patronalarekin sinatu beharreko akordioaren dokumentua faltsifikatu izana, ELAk patronalarekin egindako akordioaren ordez, bere proposamena zela jarriz. Ondoren, hori salatu genuen», aitortzen du Ana Merchan ELA sindikatuko kideak eta Ordiziako zahar etxeko langileak.

Mahaian ez daudenez, greba egunak areagotzen joan direla dio. Hauteskundeak ere heldu ziren gerora. Orain, Batzar Nagusiak eratuko dituzte. «Horrez gain, greba deialdia egitean, beharrezkoa da erregistrora joatea. Honi buelta bat ematea beharrezkoa zela eta, Foru Aldundia, patronala eta sindikatua mahai berean elkartzea proposatu genuen. Hilaren 12an plazaratu genuen deialdia, baina Aldundia ez zen azaldu. Hurrengo negoziaketa uztailean izango da».

Aurreko astean ekintza ezberdinak egin zituzten, garbitzaile bakoitzak bere eskualdean. Orain, 6 etapako ibilbidea egiten dihardute Gipuzkoan zehar. Astelehenean hasi ziren, Donostiatik Oreretarainoko bidea eginez. Atzo, Getariatik Zumaiara joan ziren. Gaur, berriz, Tolosako Iurramendi zaharren egoitzatik, Villabonako Malkar plazarainoko bidea egin zuten. Bihar, Eibarren eta Elgoibarren egongo dira. Etzi, Beasainen eta Ordizian. Larunbatean, Intxaurrondotik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino jaitsiz amaituko dute. Uztailaren 4an, 5ean eta 6ean, berriz, Donostiako Bulebarrean bilduko dira, kanpaldi bat egiteko.

2 orduko martxak izaten ari dira, eta etapa bakoitzean, zahar etxeen ingurutik igarotzeko asmoa dute, batez ere, bertakoak egoeraz jabetu daitezen. Horrela egin dute, gaur, Iurramendin elkartutako 50 bat garbitzailek. «Asteartean, gehiago izan ginen. Bizi dugun egoerari aurre egiteko modu onena iruditzen zaigu».

Greban dauden bitartean, 70-80 bat langile ari dira gutxieneko zerbitzuan lanean. Horren arabera, egunero etapak burutzen ari diren langileak aldatzen doazela dio. Eraikin judizialetako garbitzaileek Garbialdirekin lortu berri duten akordioaren inguruan, berriz, honakoa dio: «Indarra ematen digu horrek, hurrengoak gu izango garelako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!