Uztailaren 1etik 11ra izango dira auzolandegiak Bedaion

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 27a, 08:59

Larrañetako iturria eta Inpernuerrekako garbitokia berreskuratuko dituzte gazteek; hilaren 30a baino lehen eman behar da izena.

Tolosako Udalak uztailera begira gazteei begirako auzolandegiak antolatu ditu. Uztailaren 1etik 11ra izango dira, eta aurten, Bedaion dute kokalekua.

Garbitokia eta bere ingurunea berreskuratzen egingo dute lan, eta udalak izen ematea zabalik du. Auzolandegietan parte hartu nahi dutenek hilaren 30a bitarte dute izena emateko aukera. Euren borondatez eta ordainetan ezer jaso gabe aritu behar dute gazteek, «aldi batez elkarrekin bizi eta gizarte osoarekin zerikusia duen proiektu batean parte hartzen dute», diote udaletik.

2002 eta 2007 urte bitartean, biak barne, jaiotako Tolosako gazteei zuzenduta dago auzolandegia. Doakoa da, eta goizez ariko dira lanean 09:30etik 13:30era bitartean.

Irteera Tolosako San Frantzisko eliza pareko autobus geltokitik izango da egunero. Parte hartuko duten gazteek Inpernuerrekako garbitokirako bidea, Larrañetako garbitokia, Larrañetako iturria, eta Bedaio eta Amezketako mugan dagoen zubitxoa berreskuratuko dituzte. Era berean, inguruak ere txukunduko dituzte.

Izen ematea kultur etxean egin behar da, 10:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 19:30era bitartean. NANaren eta gizarte segurantzako txartelaren kopiak aurkeztu beharko dira izena emateko unean. Informazio gehiago nahi duenak gazteria@tolosa.eus helbidera idatzi dezake edota 943 67 03 83 telefono zenbakira deitu.

Uztailaren 12an, ostiralean, auzolandegian parte hartu duten gazteek Sendaviva parkera doan joateko aukera izango dute.

FAMILIENTZAKO IBILBIDEA

Tolosako Udala mendi ibilbideak berreskuratzen ere ari da, eta Bedaion bertan, familientzako ibilbide motz bat garatu nahi du berreskuratuko diren leku horietatik barrena. Bi ordu eta erdian egiteko moduko bidea izango da. 7,7 kilometroko luzera izango du, 390 metroko desnibelarekin. Bedaioko plazatik abiatu eta Nafarroako Azkarate herrira doan bidea hartuko da. Pagadietatik barrena, Elosu mendi gainaren azpitik eta Balerdiren magaletik pasako da ibilbidea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!