Aparkaleku gutxiago izango ditu Laskoain kale eraberrituak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 26a, 11:58

Ekarpenak jaso ondoren, azken proiektua egingo da, eta urtarrilean hasiko dira lanak. Besteak beste, oinezkoen mugikortasuna lehenetsi nahi du udalak.

Bertako bizilagunek denbora luzez itxarondako urratsa eman berri du udalak. Laskoain kalearen egungo egoerak eraberritze bat eskatzen zuen. Zaharkituta dago, eta ez irisgarritasun arazoei, azpiegiturei edota zoladurari erreparatuta bakarrik, baita hiri-ekipamenduei dagokienez ere. Une honetan, 35 aparkaleku plaza arautu (TAO) daude bertan, baita mugikortasun murriztuko pertsonentzako beste bat, eta zama-lanetarako beste hiru ere.

Horregatik, kaleari urbanizazio ikuspegi berri bat emateko asmoz, eta bertako irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, hiru proposamen ezberdin aztertzen ari da udala. Duela bi aste aurkeztu zitzaizkien auzotarrei eta bertako merkatariei hiru proposamenak, euren ekarpenak egin ahal izateko. Horiek jasotakoan, kontuan hartuko dira Tolosako Mugikortasun Jasangarriaren Plan berriaren irizpideak, eraberritzeari dagokion azken proiektua gauzatu, eta lizitazioa martxan jarri aurretik. Lanak, 2020ko urtarrilean hastea aurreikusten dute.

Hiru proposamenetan, besteak beste, oinezkoen mugikortasuna eta zerbitzuak mantentzea eta hobetzea, kaleko apaingarriak jartzea edota argiteria hobetzea lehenesten da. Guztiek hobetzen dute oinezkoentzako tokiaren zabalera, trafikoari eutsiz; ez diote kalterik eragiten ibilgailuen zirkulazioari, orain arte bezala jarraituko duelako. Alderik aipagarriena, berriz, proposatzen diren aparkaleku plazen kopuruak (0, 8 eta 18), eta ondorioz, galtzadaren eta espaloien zabalera da.

Gainera, aurrez Errementari eta Gudari kaleetan egin bezala, eraberritzeak Gune Biziak programa kontuan hartu beharko du, betiere, kalearen ezaugarrietara egokituz. Kalearen izaera komertziala aplikatzea da helburua, bertan aurkitzen diren lokal hutsak merkaturatuz eta erakargarri bihurtuz.

Olatz Peon alkateak azpimarratu duenez, Laskoain kalea eraberritzea proiektu estrategikoa da, beharra edukitzeaz gain, mugimendu handiko bi kale lotzen dituelako. «Oinezkoentzako tokia berreskuratzen jarraitzen dugu, jasangarritasuna hobetzen eta zerbitzuak berritzen. Sektore ekonomikoari begira, tolosar nahiz bisitarientzat, herri atseginagoa izan dadin urratsak ematen ari gara».

LEHENAK, ALDAKETA GUTXI

Lehen irtenbideak, egun kaleak duen formatua ahalik eta gehien errespetatzen du, irisgarritasun eta ingurumen irizpideak aplikatuz. Hori dela eta, San Frantzisko ibilbidearen ondoko oinezkoentzako zatia mantentzen du eta ibilgailuentzako sarrerari eusten dio (Paulo Rekondo kaletik). Horrez gain, espaloiaren eta galtzadaren artean, maila edo koskarik ez izatea aurreikusten da.

Ibilgailuak espaloira igo daitezkeen guneetan, hiri-altzariak, zuhaixkak eta argiztapen elementuak jarriko dira. Zamalanetarako gunea antolatu da, eta edukiontzietarako gune berri bat jarri da. Aparkaleku kopurua, oraingoa baino txikiagoa da (orain, 35; lehen proposamenarekin, 18). Mugikortasun murritzeko pertsonentzat erreserbatutako plazari eusten zaio, baita zamalanetarako erreserbatutako hiru plazei ere.

Esnea saltzeko makinak toki berean jarraituko du, espaloiko argiteria eraberrituko da, 5 metrotako zutabe berriak ipinita, eta bertan Tolosako ohiko baldosa jarriko da. Galtzadan, berriz, aglomeratutako asfalto moduko bat ezarriko da, Nafarroa etorbidean eta Gudari kalean bezala. Eserlekuak jartzea ere aurreikusi da eta zerbitzuen azpiegiturak eraberritu egingo dira. Aurrekontu osoa, 553.251 eurokoa da, gutxi gorabehera.

APARKALEKURIK GABEKO ALTERNATIBA

Bigarren aukeraren bitartez, irisgarritasunean irabazi nahi da. Laskoain kalea, San Frantzisko ibilbidea eta Lizardi olerkariaren parkea, eta Oria ibaiko pasealekua lotzen dituen oinezkoentzako ardatz nagusia izatea aurreikusten da. Kasu honetan, kaleko aparkalekuak kendu nahi dira, espaloien zabalera eta oinez ibiltzeko eremua handitu ahal izateko. Horrela, kalea gehiago ekipatzea eta bertako dendak eta negozioak indartzea dira helburu nagusiak.

Aldaketarik handiena ibilgailuentzat etorriko litzateke. Egun dauden 35 aparkaleku plazak kenduko lirateke, nahiz eta trafikoak eta zama-lanetarako aparkaleku plazak bere horretan iraun. Kasu honetan ere, ez da maila edo koskarik aurreikusten espaloiaren eta galtzadaren artean, eta ibilgailuak espaloietara igotzea debekatzeko bolak jarriko dira. Gainerakoan, lehen aukeran proposatutakoari eusten zaio. Kasu honetan, gutxi gorabeherako aurrekontua, 575.850 eurokoa da.

AURREKOEN KONBINAKETA

Hirugarren eta azken proposamenean, berriz, lehen eta bigarren aukera nahasten dira, bien ekarpenen arteko oreka bilatu nahian. Hori dela eta, kalea oinezkoentzat berreskuratutako gune bihurtuko litzateke, aparkamendu plazen kopuruan izango lituzkeen ondorioak arinduz.

Proposamen hau aukeratuz gero, egun dauden TAO aparkalekuko 35 plazetatik 27 kenduko lirateke. Bestela, lehen aukeran bezala, zama-lanetarako eta edukiontziak jartzeko guneak jartzeari, argiteriari eta eserlekuen antolaketari, eta hiri-altzarien ekipamenduari eutsiko zaio. Azken eraberritze aukeraren aurrekontu totala, gutxi gorabehera, 564.670 eurokoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!