Gutierrez, Alberdi eta Espinal txapeldun Tolosako lau eta erdikoan

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 26a, 10:27
Argazkia: Agerremedia.com

San Joan Txapelketaren finalak igandean jokatu ziren Tolosako Beotibar pilotalekuan. Sei pilotariek ikuskizun paregabea eskaini zuten. Alberdi zizurkildarrak txapela irabazi zuen.

Igandean jokatu ziren San Joan Txapelketako finalak, lau eta erdian. Hiru partidak ikusgarriak izan ziren eta pilotazaleak ederki gozatu zuen Beotibarren.

Jubeniletan Gutierrezek 22-13 irabazi zion De La Fuenteri. Errioxarra indartsu sartu zen finalean, 11-4 aurreratuz. Nafarraren jokoa eta kalitatea esnatu zen orduan, eta finala iraultzeko punttuan izan zen, 15-13 gerturatuz. Hortik aurrera zortea eta tantoak Gutierrezen alde izan ziren, zuzenean 22ra iritsiz.

Etorkizun mailako partidan Julen Alberdik 22-13 irabazi zion Arribillagari. Finalik argiena izan zen joko aldetik. Alberdi maisu dabil eta igandean hori ikusi zen.

Nagusien mailako finala ikusgarria izan zen: markagailuan eta jokoan. 22-21 irabazi zuen Espinalek, baina hori gutxienekoa izan zen pilotazaleentzat. Bi finalistek ikuskizun handia eskaini zuten. Partida amaierako txalo zaparradak hori islatu zuen. Markagailuan jauzi handiak eman zituen lehian zehar. Adibidez, Zubizarreta 14-10 jarri zen aurretik, ondoren, 21-15 galtzera pasatzeko. Hortik 21nako berdinketa, eta Espinalen garaipena etorri ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!