Tolosako Sanjoanak 2019

San Joan egunaren ongietorria

Ataria 2019ko ekainaren 24a

Dianarekin hasi dute San Joan eguna tolosarrek. Dantzari, prozesio, musikari, erraldoi eta eskopetariak izan dira protagonista nagusiak goizean zehar.

San Joan eguna, festen azken kartutxoak erretzeko. Eta halaxe egin dute goizean goizetik. Izan ere, eskopetariek Tolosako kaleak hartu dituzte. Horiekin batera, dantzariak, musikariak eta erraldoiak kalez kale ibili dira, Santa Maria plazan prozesioarekin batera abiatuta.

Goizeko azken bolborak Euskal Herria plazan erre dituzte. Udal korporazioko kideak Topic-eko balkoietatik begira zituztela, erraldoiek dantza egin dute eta azken burrunba entzun ahal izan da eskopetarien eskutik.

Duela 20 urte inguru Joxe Mari Gorrotxategik berreskuratutako tradizioari ere eutsi diote gaurkoan. Hain juxtu, bere seme Rafa Gorrotxategik, Toti Martinez de Lezea idazlea alboan zuela eman dio jarraipena usadioari. Lizarra, arto landarea, gari burua, larrosa, garoa eta San Juan loreaz osaturiko sorta eman diote Olatz Peon alkateari, eta honek hurrengo urteko San Joan bezperara arte gorde beharko du. Horiek sutara botaz, sorgin eta izpiritu txarrez babestuko omen du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!