Bidegurutzeak egiten ari zen boluntario bat harrapatu du txirrindulari batek Amarotzen

Ataria 2019ko ekainaren 24a

Sanjoanen barruan, XLII. Jose Mari Anzaren Oroimenezko afizionatu mailako txirrindulari lasterketa jokatu da gaur goizean Tolosan. Ezbeharra 12:00ak inguruan izan da. Gizonezkoa "larri" eraman dute ospitalera.

Lehendakari Torneorako puntuagarria zen lasterketa. Helmugara iristear zirela, Leaburutik behera jaisterakoan izan da ezbeharra Amarotzeko bidegurutzean. Javier Goenaga boluntarioa, Oriakoko lehendakaria izandakoa, bidegurutzea egiten ari zen eta tropeltxo bateko azken txirrindulariak jo du. Lurrera erortzerakoan buruan kolpea hartu du eta konorterik gabe geratu da. Bihotz-biriketako bizkortzea (erreanimazioa) bertan egin diote eta ondoren ospitalera eraman dute. Ertzaintzak jakinarazi duenez bere egoera "larria" da. Txirrindulariak, bere aldetik, lepauztaia hautsi du istripuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!