Tolosako Sanjoanak 2019

Suak argitu du urteko gaurik laburrena

Irati Urdalleta 2019ko ekainaren 24a

Udaleko kideak nahiz herritarrak suaren gainetik saltoka aritu dira. Horrez gain, Udaberri dantza taldekoen eta Hodeitzar abesbatzakoen emanaldia ere izan dira.

Elizako kanpaiek gaueko hamarrak jo bezain pronto piztu dute San Joan sua. Aldi berean, musika bandak San Joan zortzikoa ere jo du. Olatz Peonek lizar puska bat bota du sutara eta ordutik aurrera udaleko kideek nahiz herritarrek izan dute aukera suaren gainetik jauzi egiteko. Dozenaka animatu dira eta giro bikaina sortu da Andre Maria plazan.

Behin sua itzalita, Udaberri dantza taldekoak igo dira oholtzara. Bertan hainbat dantza egin dituzte, beteta zegoen plazaren aurrean. San Joan bezperari amaiera emateko, Tolosako Hodeitzar abesbatzak eskainitako abestiekin gozatzeko aukera ere izan dute bertaratutakoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!