"Emakume baten barruan sartzea erronka izan da"

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 22a, 06:00

Dafne Zorregieta Rondaall. Jamaikan jaioa. Aita euskaldun erbesteratua, eta ama, berriz, Mexikon bizi den holandarra. Hainbat ipuinen bitartez, Dafneren bizitza kontatu du Joxemari Iturralde idazle tolosarrak, Jamaikako neska azken eleberrian.

Hiru urte igaro dira azken liburua argitaratu zenuenetik.

Horrelako nobela mardul bat idazteak denbora eskatzen du. Hasi aurretik, zer egin nahi duzun pentsatzen egon behar duzu. Ondoren, informazio edo datu bilketa egitea dator. Izan ere, nik idatzitako nobelak fikzioak dira, baina benetan gertatu diren gauza askotan oinarrituta daude, eta horrek informazio bilketa sakona eskatzen du. Gainera, nobela hau mundu erdian barrena mugitzen da, beraz, lekuko ezaugarriak ezagutu behar dira. Esaterako, pasarte bat Amsterdamen igarotzen bada, Amsterdam ezagutu behar duzu, eta hango momentuko egoeran sakondu. Horrek guztiak aldez aurretiko lana eskatzen du. Idazten hasterako urte eta erdi edo bi urte igaro dira, eta orotara hiru urteko lana izan da.

Zure bidaiatzeko arrazoia literatura izaten al da?

Bi gauzak lotuta daude. Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea. Gogoan dut, gazte nintzenean, 15-16 urterekin, motxila hartu eta, ia dirurik gabe, auto-stop eginez nola ibiltzen ginen, Espainian eta Europan barrena. Literatura bizitzeko, ikasteko modu bat da, eta horrekin lotuta dago bidatzea. Ez turismoa egitea, baizik eta beste leku batzuk ezagutzea, beste jende batekin harremantzea, beste ohitura eta kultura batzuk ezagutzea, beste hizkuntza batzuk ezagutzea... Gauza bat da bidaiatzea, eta beste bat turismoa egitea.

Bidaiatzean duzunean zure koadernotxoa beti al duzu aldean?

Bai. Beti joaten naiz motxilarekin, eta koadernoa eta boligrafoarekin. Nik beti esaten dut idazleok zorte handia daukagula. Eskulturgilea bazara, edo piano jotzailea, etxean egon behar duzu nahitaez, pianoa ezin duzulako mugitu. Guk, idazleok, koaderno eta boligrafo batekin nahikoa dugu. Nik idatzi izan dut trenean, parke batean edo mendi puntan. Edozein lekutan, ideia bat etortzen zaidanean, segituan hartzen dut koadernoa eta idatzi.

Dokumentatzen hasi aurretiko une horretan, nolatan sortu zitzaizun Dafneren bizitza kontatzeko ideia?

Idazle bakoitzak bere metodoa du idazteko. Askotan ez dut jakiten nire nobela nola bukatuko den, zer gertatuko den. Lehen momentu hori oso desberdina izaten da. Batzuetan ideia bat etortzen zaizu eta, beste batzuetan, eszena edo irudi bat ikusten duzu. Kasu honetan neska baten bizitza da. Oso bitxia izan zen, bertsolariak bezala, amaieratik hasi bainintzen. Ez nekien nola hasiko zen, baina, banekien nola bukatuko zen. Duela urte gutxi, ETAk iragarri zuen armak utziko zituela, eta ez zuela gehiago hilko. Orduan pentsatu nuen, agian, Euskal Herria leku hobe bat izango zela bizitzeko. Hori kontuan izanda, eta Euskal Herrian leku izugarriak daudela jakinda, pentsatu nuen, halako egoera berezian jartzea protagonista. Kanpotik etorritakoa behar zuen izan, ez euskalduna; edo erdi euskalduna behintzat. Eta, ez bizitzera etorria, baizik eta bere buruaz beste egitera. Erdi brometan hasi nintzen ideia horrekin; alegia, ze leku hoberik bere buruaz beste egiteko, Donostia baino. Eta, azkenean, akaso ez du bere buruaz beste egingo, eta akaso ez da Donostiara etorriko. Baina, hori askotan idazleentzako akuilu bat izaten da, lehen pauso bat, martxan hasteko.

Askotan gertatu izan zait, ideia batekin lanean hasi, horrekin segi aurrera, urtebetez, bi urtez, hiru urtez... Eta hasierako ideia hura, gero nobelan ez azaltzea. Eta, Jamaikako neskan ikusiko dugu, inork ez duela bere buruaz beste egiten Donostian. Gogoan dut Kilkerra eta Roulottea idatzi nuenean, zortzi urtez egon nintzela nobelaren ideiarekin bueltaka. Idazteko prozesua oso misteriotsua da, eta liburu bakoitzarekin, gainera, desberdina da.

Argi ikusi zenuen Euskal Herrian behar zuela protagonistak, nobelaren azken fasean.

Bai. Izan ere, protagonistaren egoera berezia da. Aita euskalduna. Euskaldun bitxia. Garai politiko ilun haietan, ETArekin gorabehera batzuk izanda, erbestera joan zen, Mexikora. Han neska holandar bat ezagutu zuen. Neska ere bitxia, hippyen garaikoa izandakoa. Biek elkar ezagutu zuten, Jamaikara joan ziren, eta han jaio zen gure protagonista. Ez du zerikusirik Euskal Herriarekin, baina, familia erdia bertakoa du. Bere bizitza osoan, nahiz eta mundu erdia gurutzatu, beti izango du hor tiradizo moduko bat, Euskal Herrriarekin lotuta. Eta, pixkana, hainbeste abenturaren ostean, Euskal Herrira hurbiltzen joango da.

Gertakizun politiko bat izango da gerturatu araziko duena.

Ez hori bakarrik. Kasualitate bat ere izan daiteke. Bere bizitzarekin zer egin pentsatzen ari denean, Euskal Herrian zer gertatu den jakingo du; alegia, ETAk armak utziko dituela iragarri duela. Eta Euskal Herrira etorri eta arbasoak ezagutzeko une ona izan daitekeela iruditzen zaio.

Erraza al da gertakizun errealekin literatura egitea?

Idazle askok egiten duguna da. Alegia, gauza asko asmatu, fikzio hutsa egin, baina, betiere, gertatzen diren gauzetan oinarritu. Erdia da fikzioa, beraz, eta erdia errealitatea. Nobela honetan gauza asko asmatu ditut, eta beste gauza asko hainbeste urtetan zehar benetan gertatutakoak dira.

Eta, fikzioz eta errealitatez nahastutako ipuinekin, Dafneren bizitza kontatzen du liburuak.

Kanpotik begiratuta, neska baten historia kontatzen da. Autobiografia bat dela esan daiteke. Baina, nik idatzia denez, neska horren biografia da. Egiturari dagokionez, nahiko konplexua da, arlo asko baititu. Horregatik diot poliedrikoa dela, istorio asko eta mota askotakoak daudelako kontatuta. Batzuk luzeak dira eta elkarren artean katramilatuta daude, eta besteak motzagoak dira. Eta, istorio horietan, denetarik dago: maitasun istorioak, abentura, misterioa, kontakizun soziologiko eta politikoak, kritika gogorra hemen eta kanpoan gertatutakoaz... Ez da ikerketa bat, fikzioa da, literatura. Baina, fikzioaren bitartez, baliatzen naiz zenbait gauza kritikatu eta gai horietan sakontzeko. Baina, bereziki, istorioak dira.

Liburuaren aurkezpenean esan zenuen, Dafne gaur egungo Sherezade izan daitekeela.

Mila gau eta gau bat gehiago nobela klasikoaren pertsonaia nagusia eta narratzailea da. Bazen errege bat, gauero emakumeak gozatzen zituena, bere ohean, eta, hori igarota, lepoa moztuta, hil egiten zituen. Sherezaderi, jauregira iristean eta ikusirik zer gertatuko zaion, trikimailu bat bururatzen zaio: istorio bitxiak, erakargarriak, kontatzea erregeari. Kontatzen hasten zaio, eta erregea liluratuta geratzen da. Sherezadek ez du amaitzen istorioa, eta erregea irrikaz geratzen da. Hala, gaurkoz ez duela hilko esaten dio, eta hurrengo egunean istorioarekin jarraitzeko. Hurrengo egunean, bezperako istorioa bukatzen du eta beste bat hasi, baina ez du amaitzen eta, horrela, ia hiru urtez. Azkenean, erregeak bizitza barkatzen dio. Paralelismo horrekin eta, distantzia errespetatuz, nire protagonista gaur egungo Sherezade bat da. Istorio asko kontatzen ditu, ez bizitza arriskuan duelako, baizik eta bere bizitzeko modua hori delako. Ipuin klasikoko Sherezadek mundu osoko istorioak kontatzen zituen, jauregitik mugitu gabe. Dafnek, ordea, mundu erdia gurutzatuko du, eta ondoren bere istorioak kontatu.

Paralelismo horrek balio izan dit hainbat istorio, eta oso desberdinak, kontatzeko. Ipuin asko antzekoak dira, baina beste asko ez. Denek komunean dutena Dafne bera da, berari gertatu zaizkiolako. Beraz, protagonista berbera izatea da lotura.

Era berezian lotu omen zaitu Dafnek.

Idazleak oso obsesiboak gara. Pentsa, hiru urtez eta ia egunero, egun eta gau, pertsonaiarekin bueltaka aritu naiz. Hainbeste denboran horrela egonda, batzuetan ia gorrotatzera iristen gara pertsonaia eta, beste batzuetan, berriz, maitemindu bezala egiten zara berarekin. Nire bizpahiru nobelatan gertatu zait hori. Esaterako, Hyde Parkeko hizlaria idatzi nuenean ere, nolabaiteko gertutasun bitxi bat sentitu nuen protagonista harekin. Dafnerekin ere gertatu zait. Emakume sendoa iruditzen zait, nortasun handikoa, pertsonalitate bitxia duena. Askotan pentsatu dut, horrelako emakume bat topatuko banu, gustatuko litzaidakeela bera nirekin maitemintzea. Horrelako harreman bitxia sortu da bion artean.

Istorioak kontatzearen aldeko aldarrikapena ere egin duzu.

Liburua zeri buruzkoa den galdetzen dizute, bertako gaiaz galdetzen dizute eta, badirudi, lerro batean laburbildu daitekeela, tesi nobela bat egingo bazenu bezala. Baina, hau ez da tesia, hau literatura da, fikzioa. Hemen ipuin mota asko daude, gai asko jorratzen dira, eta oso desberdinak, gainera. Idazle batek, liburuaren mezuaz galdetu ziotenean, zera erantzun zien: «Nik mezu bat dudanean telegrama bat bidaltzen dut». Nobela hauek askoz konplexuagoak dira: pertsonaia, istorio, iritzi... asko daude. Horregatik, ezin da laburtu guztia lerro batean.

Orain liburuaren aurkezpenean zaude. Despedida modukoa al da?

Hiru urte egonda, gau eta egun, buru-belarri, liburuarekin, amaitzen duzunean eta liburua objektu bezala dendetan ikusten duzunean, nolabait agur esaten diozu, eta beste zerbaitetan jartzen zara. Lagun batekin bidaia luze bat egin, azken momentua iritsi, eta elkarri agur esatea bezala da. Euskaraz idatzi dut, beste urtebete egon naiz gaztelerazko bertsioa idazten, beraz, orotara, ia lau urte izan dira lan honekin. Deskonpresio fasean nago orain, burua husteko gogoz. Behin Jamaikako neskari agur esanda, urte erdi edo urtebete pasatu nahi dut, orain, atseden hartzen.

Gaztelaniaz ere ikusiko du, beraz, argia lanak.

Ez dakit oraindik zein argitaletxek egingo duen. Bukatu berri dut gaztelerazkoa. Baina, nik euskaraz egin dut liburua, eta bere bidea egin behar du euskarazko bertsioak. Urtebete barru-edo, gaztelerazkoa argitaratzea aurreikusten dut.

Nolako bidea izango litzateke gustura geratzeko modukoa?

Gustatuko litzaidake ahalik eta irakurle gehien izatea. Eta, ondoren, irakurleen iritziak jasotzea. Idazleon ofizioa oso bakartia da, gau eta egun etxean egoten garelako sartuta, bakarrik idazten. Gero, behin liburua idatzita, liburu dendetan edo liburutegietan ikusten duzu, baina, akaso ez duzu bueltan iritzirik jasotzen. Eta hori ere gogorra da. Oihartzun hori jasotzea gustukoa da idazleontzat. Bai aldekoa edo kontrakoa, zerbait jasotzea bueltan.

Orain arte jaso al duzu iritzirik?

Aldez aurretik nire lagun batzuei utzi nien, eta horiengatik jaso ditu iritzi batzuk. Egitura aldetik berezia dela aipatu dut, baina, badu beste ezaugarri berezi bat ere. Niretzat erronka izan da emakume bat protagonista izatea, emakume horren barruan sartu behar zelako. Zailtasun osagarri hori gehitzen dio idazleari. Horregatik, behin nobela idatzita, lauzpabost emakumeri pasatu nien. Sentsibilitate handikoak eta asko irakurtzen dutenak dira, literatura gertutik jarraitzen dutenak. Euren iritzia jakin nahi nuen. Aurkezpenean esan nuen, ea posible den nobela bat hartu eta, jakin gabe nork idatzi duen, emakume edo gizon batek idatzi duen esatea. Urtetan aritu naiz horren inguruan apunteak hartzen. Askotan, oso erraz antzematen da emakumea edo gizona den.

Zein ezaugarriri begiratu behar zaio?

Gauza askori. Berez, orain arte behintzat, gizonek aparteko mundu batzuk izan dituzte, eta emakumeak ez ziren horietan sartzen. Eta alderantziz ere gertatzen zen. Giro beliko batean bizitu izan bazara, hobeto idatziko duzu nobela horretaz badoa, giro hori ezagutu ez baduzu baino. Oso interesgarria da gai hau. Nik erronka hori jarri diot neure buruari. Gizonezkoa naiz, eta nobela oso bat egin dut emakumezko bat protagonista delarik. Alde horretatik, eta zentzu literarioan, oso arriskutsua da nobela.

Dagoeneko ba al duzu beste ideiarik, liburu berri bati ekiteko?

Ez. Ideia posible askorekin, zirriborro askorekin, badauzkat koaderno pila bat, baina, une honetan, ez dut ezer jakin nahi deskonpresio hori osatu arte. Orain denbora tarte bat egin nahi dut ezer egin gabe. 

 

Izenburua: 'Jamaikako neska'.

Egilea. Joxemari Iturralde.

Argitaletxea. Pamiela.

Argitalpen data. 2019ko ekainaren 6a.

Generoa. Narratiba.

Orri kopurua. 240.

Laburpena. Dafne Zorregieta Rondaall, horixe da ene izena, aita euskaldun erbesteratu baten alaba naiz eta Mexikon finkaturiko familia daukan holandar ama batena. Mexikotik alde egin beharrean aurkitu zen aita, eta Jamaikan pausatu zituen oinak. Amak atzetik jarraitu zion Luzea hiriraino, eta bertan jaio nintzen ni.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!