"'Guk Euskaraz' ereserki bat bilakatu da Euskal Herrian"

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 21a, 11:59

1974an ekin zion euskal kantagintzaren ibilbideari artista donostiarrak. Azken urteetan lasaiago dabil, kolaborazioak egiten eta, iluntzean, Tolosako Musika Bandarekin ariko da.

San Joan festen hastapeneko egunean jarri dute, Tolosako Musika Bandak Jose Antonio Larrañaga Etxabe Urko (Donostia, 1948) abeslariaren kolaborazioarekin eskainiko duen kontzertua. Suziria lehertu eta ordu eskasetara izango da (20:30), Euskal Herria plazan. Donostiarrak, bandaz gain, beti ondoan izan duen Javier Perez de Azpeitia piano jotzailearen laguntza izango du. Gelditu gabe dabil, azaro amaieran Argentinara joango baita, beste proiektu bat dela eta. Aurrez, mende erdi batean testuingurua nola aldatu den, eta gaurko kontzertua nola prestatu duten azaldu du.

Nondik datorkizu ezizen hori?

Urko Eibar inguruko mendi bat da. Donostian ezaguna nintzenez, eta nire buruari izen artistiko bat jarri beharra ikusi nuenez, izen hori jartzea erabaki nuen. Gainera, lagun batek 1972an bere semeari ere izen hori jarri zion, eta asko gustatu zitzaidan.

Francoren diktadura garaiak markatuta hasi zinen. Nolakoa izan zen 70eko hamarkadan abestea?

Lehen kontzertuak 1971n eman nituen. Oso momentu txarrak ziren haiek, batez ere, testuinguruagatik. Autoa kontzertua eman behar genuen tokiaren ondoan aparkatzen genuen, bertatik gitarra hartu, eta amaitzean lasterka ateratzeko. Euskaraz kantatzea, gainera, ez zen begi onez ikusten. Zalapartari hutsak ginen, jendea mobilizatzea baitzen gure helburua.

Abestea, beraz, ekintza politikoa zen zuretzat?

Garai hartan, 1978ra arte, gutxi-gorabehera, kantuan aritzea militantzia politikoa zen erabat. Politikoak ezkutaturik zeuden, ezin baitzuten oholtzetara igo. Guk, kantaldietan, herriari zer eskatzen zuen galdetzen genion, agintarien ordezko modura aritzen ginen. Beraiek agertzean, baina, militantzia alde batera utzi nuen. Orduan, beste mota bateko musika egiten hasi nintzen, bestelako mezuak zabaltzen.

Hamarkada horren aurretik, Ez Dok Amairu belaunaldi oso aberatsa utzi zuen euskal kantagintzak. Hala ere, zurekin batera artista handiak ere azaldu ziren gerora.

Hala da, bai. Gu, ordea, norbanako modura aritzen ginen, inoiz ez taldean. Ez Dok Amairu esperientzia izugarria izan zen, euskal kantautoreak martxan jartzeko oso positiboa. Gure belaunaldia, baina, politizatuagoa izan zen; ideia ezberdinak genituen. Oraindik, gainera, elkartzen gara batzuk; Gorka Knörrek, Gontzal Mendibilek eta hirurok kantaldi bat eskainiko dugu, uztailean, Bizkaia aldean.

Guk Euskaraz eta Usurbilgo Elizan kantuak sartu zenituen, 1976ko lehen diskoan. Mezuagatik, abesti indartsuenak ziren horiek?

Ez nuke hala esango. Niretzat, gogorrena beranduago argitaratutako Gure lagunei izenekoa da, Txiki eta Otaegiri eskainia. Gaur egun horrelako mezua duen kanturen bat argitaratuz gero... auskalo!

Euskarari eskainitakoa, ordea, arrakastatsuena izango da, ezta?

Bai, dudarik gabe. Guk euskaraz ereserki bat bilakatu da Euskal Herrian, estandarte bat. Gainera, era guztietako bertsioak dituen doinua da. Ikastolen festetan abesteko modukoa. Nire bizitza markatu du, Maite, maite, maitea kantuarekin batera. Eskaini ditudan kontzertu guztietan abestu ditut.

1977an, berriz, euskaraz zuzenean grabatutako lehen diskoa argitaratu zenuen: Hemen gaude.

Donostiako Antzoki Zaharrean eskainitako kontzertu batean grabatu genuen. Esperientzia izugarria izan zen. Kantuan ari nintzela, bi mutil gerturatu zitzaizkidan, ETAkoak zirela eta ikurrina bat jarri nahi zutela esanez. Ondoren, kontzertua grabatzen ari zen unitate higikorreko teknikaria ikusi nuen oholtza gainean. Galdetu nion ea zergatik zegoen han eta, berak, unitatea poliziaz inguratuta zegoela, eta grabaketa modu automatikoan utzi zuela esan zidan. Hori gutxi ez eta, amaieran, Brigada Politica Socialekoak nire bila etorri zirela ohartu nintzenean, atzeko atetik atera behar izan nuen. Sagardotegi batean ezkutatuta igaro nuen gaua.

Gerora, bide bera jarraitu ordez, balada erromantikoak eta poeten lanak musikatzen hasi zinen.

Beharrezko aldaketa izan zen, jada politikariak oholtza gainean zeudelako. Guk, berriz, musikari heldu behar genion, nahiz eta oraindik militantziarako grinak bere horretan iraun. 1980tik aurrera, baina, musikaz gozatzen hasi nintzen, rock apur bat sartzen eta beste modu batera bizitzen. Horrez gain, Donostiako kantutegia lantzen hasi nintzen. Isil-isilik dago eta Donostiako hiru damatxo kantuak galtzen ari zirela eta, hiru urteko ikerketa lanari esker, zenbait moldaketa eginez, hitzak eta, hortaz, abestiak berreskuratzea lortu nuen. Ondorioz, bi urrezko diska eman zizkidaten.

1990eko hamarkadan, denboraldi batez oholtzetatik urruntzeko erabakia hartu, eta musikan sartu-irtenak egiten hasi zinen.

Pixkana uzten joatea erabaki nuen, gainean neke handia nuelako. Handik urte batzuetara, guztiz utzi baino gehiago, nik nahi nuena nahi nuen unean eta nahi nuen tokian egiteari ekin nion. Hori dela eta, bandekin kontzertuak eskaini ahal izateko moldaketak egiteari ekin nion. 20 kantuz osatutako saiorako, 1.200 partitura egin ditut. Azkenean, Irunen, Gasteizen, Bilbon eta Getxon eskaini ostean, Tolosan izango da hurrengoa, nire bizitzaren parte den herrian. Ni ere erdi tolosarra naiz.

Hala al zara? Zer dela eta?

Nire emaztea tolosarra da eta, 1975 inguruan, zazpi urtez bizi izan nintzen Ibarran, Elduaien paper fabrikan lanean aritu bitartean.

Zenbat denbora behar izan duzu banden kontzertuak prestatzeko?

6 hilabetez aritu ginen abestiak aukeratzen. Moldaketak egiten, berriz, Iñaki Urkizu aritu zen, 3 hilabetez.

Zer ikusi eta zer entzungo du publikoak gaurko kontzertuan?

Nire musika ibilbidearen errepaso moduko bat izango da. Zerrenda eta abestien ordena oso ondo pentsatuta daramagu. Bizitzan markatuta geratu zaizkidan kantu ezagunak entzun ahal izango dira; gehienak, amaieran.

In crescendo moduko bat izango da, beraz?

Hala izango da, bai. Saioaren erdialdean, bandak soilik joko du, gu zintzurra bustitzera joango garen bitartean. Ondoren, berriz, piano jotzaileak eta biok bi abesti joko ditugu, bandak deskantsatzen duen bitartean. Azkenik, Guk Euskaraz kantuarekin amaituko dugu, guztiok batera abesteko.

Azken bi ostegunetan egin dituzue entseguak Tolosan. Zer nolako sentsazioekin geratu zinen?

Bietan ere oso inpresio ona izan genuen piano jotzaileak eta biok.

Lehenago Tolosan kontzerturik eskainitakoa al zara?

Tolosan, azken aldiz, duela 20 bat urte aritu nintzen. Leidorren egin izan ditut saio gehienak.

Eta, zer espero duzu publikoaz gaurko kontzertuan?

Parte hartzea eta guztiok elkarrekin abestea. Hala ere, eguraldiak izango du azken hitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!