Nire harridurarako, irakurri berri dut klima-aldaketak ez duela soilik planetan eragingo, gizadiaren amaieran baizik, eta azken ikerketa zientifiko batek 2050erako aurreikusi du. Breakthrough National Centre for Climate Restoration azterlanak berotze globala epe laburrerako eta erdirako mehatxu existentzialtzat du. Agertoki apokaliptikoa planteatzen du eta, azaltzen, giza-sistemak eta sistema planetarioak ez dutela atzera bueltarik.
Gizakia gure planetako espezie menderatzailea izaki, espezie ororen arteko elkarrekintza eta elkarbizitza sustatu beharrean, hain da berekoia, ezen bere bizi baldintzak hobetzeko hurkoa suntsitzen duela; eta, ondorioz, baita hura ere, bestearekiko mende bizi baita. Hain boteretsuak eta ergelak gara, era berean, apaltasun sendabidea behar dugula agudo. Gertatzen ari da...
Halaber, jakinarazten du ingurugiroari kalte egiten dioten egungo industrien negozio-ereduak aldatu ezean, Lurraren berotze globala hiru gradu zentigradu igoko dela, beharrezko ekosistemak suntsituz. Ikerketaren arabera, emaitzak erabat suntsitzaileak izango lirateke: 1.000 milioi pertsonak bizitokia aldatu beharko lukete; 2.000 milioik, berriz, ur hornikuntzari egin beharko liokete aurre; herrialde subtropikaletako nekazaritza kolapsora eramango luke; eta mundu mailako elikagaien ekoizpenean berebiziko eragina izango luke.
Inork ez du 'deshazkundea' delakoaz hitz egiten. Politika- eta ekonomia-arloko gizarte mugimendu honek 1970eko hamarkadan du sorburua eta, hasiera batean joera akademikoa izan zena, gizarte mugimendu bilakatu da XXI. mendean, eta mundu osora zabaldu da. Ezinezkotzat jotzen du ingurumenaren kontserbazioa, ekoizpen ekonomikoa murriztu gabe, eta garapen iraunkorrari aurka egiten dio.
Bistan da, beraz, Lurrak jakingo duela zer egin bere burua aurrera ateratzeko, naturak beti egin izan baitu horrela. Lurra gizakia baino lehenagotik egon da, eta ondoren ere egongo da.
Badira, dagoeneko, bide horri ekin dioten talde, kolektibo eta herriak. Erronka, hortaz, gutxiagorekin hobeto bizitzea litzateke. Prest al gaude? #GertatzenAriDa