Sanjoanen erreleborako prestatu dituzte blues doinuak

Ataria 2019ko eka. 20a, 19:57

Ekainaren 27tik 30era Tolosako txoko ezberdinek Tolosandblues jaialdiaren XV. edizioa hartuko dute; Mitch Kashmar harmonika jotzailea izango da aurtengo izarra.

Sanjoanetako ajea oraindik kendu ezinik duenak, badu festarako berriro nahikoa aukera. Hamabosgarrenez, Tolosandblues jaialdia ospatuko da San Joan jaiak amaitu berritan. Aurten, Mitch Kashmar harmonika jotzaile estatu batuarra izango da karteleko izarra. 

Kultur etxean egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Olatz Peon Tolosako alkatea eta Iñigo Martin jaialdiko antolakuntzako kidea, xehetasunak azaltzen. Jaialdiak daramatzan hamabost urteak gogoan izan zituen Peonek eta Tolosaren kultur eskaintzan duen garrantziaz aritu zen: "Gure kultur eskaintzaren ikur bilakatu den jaialdi hau, egonkortzen doa urtez urte. Saiatzen gara programazioa gorena izaten, eta horretarako, inplikazioa eta lanaz gain, baliabide gehiago jarri dira aurten jaialdiaren osaketarako".

2012an abiatutako formatua mantenduko dute, aurten ere: Tolosako plaza ezberdinetan entzungo dira blues doinuak. Euskal Herria plaza, Lopez Mendizabal plaza edo Plaza Berritik hasi, eta Maria Luisa Agirre Doktorearen plaza edota Ilargi, Saikin, txurreria edo Solana tabernak bezalako gune txikiagoak hartuko ditu jaialdiak.

Iñigo Martinek, bere aldetik, kontzertuen xehetasunak azaldu zituen, eta aitortu zuen, "bost bat urte atzetik ibili ostean", lortu dutela Mitch Kashmar Tolosara ekartzea.

Ekainaren 27a, osteguna

20:00. Noa Voll Damm & The Hell Drinkers, Maria Luisa Agirre doktorearen plazan (Tontokale)

Ekainaren 28a, ostirala

19:30. Wax & Boogie Rhytm Quartet, Ilargi tabernan. 

22:30. Aretha Soul Divas &The Silverbacks, Euskal Herria plazan. 

Ekainaren 29a, larunbata

13:00. Myriam Swanson Meets J.P. Cumellas & M. Talavera, Lopez Mendizabal plazan. 

19:00. Betta Blues Band, Saikin tabernan. 

22:30. Mitch Kashmar, Plaza Berrian. 

Ekainaren 30a, igandea

13:00. Myriam Swanson Meets J.P. Cumellas & M. Talavera, Solana tabernan. 

20:00. Mitch Kashmar, txurrerian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!