Irailetik aurrera, itxura berria izango du Amarotz auzoak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 20a, 11:57

Abuztuan amaituko dituzte Auzo Etxeko eraberritze lanak; beste proiektu batzuekin ere lanean dihardute oraindik. Guztira, 348.198 euroko inbertsioa burutuko du udalak.

2017 hasieran Amarotzeko auzotarrek erabaki zuten 2008an izenpetutako auzoaren garapen urbanistikotik eratorritako udalaren aprobetxamendua (1.100.000 euro) zertan inbertitu. Udalak bultzatutako parte-hartze prozesuan osatutako hiru proiektuetatik, bat aukeratu behar izan zuten. Zehazki Auzo Etxea eta anbulatorioa eraberritu eta egokitzea, Hexagonoaren ondoan erabilera anitzeko eremu estalia sortzea, Bolatokia egokitzea eta haur parkea eraberritzea aukeratu zuten auzotarrek.

Auzo Etxeari dagokionez, apirilean hasi ziren eraberritze lanekin, eta abuztuan amaitzea aurreikusten dute. Eraikina osorik berregokituko da. Dagoeneko, teilatua garbituta dago, elektrizitate eta aireztapen instalakuntzak ere berritu dira, eta zorua ere eraberritu da, beharrezko guneetan. Hurrengo asteetan, eraikina txukuntzeaz eta margotzeaz gain, barne-antolaketa moldatuko da, eta kanpoaldeko arotzeria berrituko da. Behin lanak amaituta, honako guneak izango ditu Auzo Etxeak: KZgunea, antzokia, sukaldea, bi areto, erabilera anitzeko gela, bi bulego, 3 komun (bat kanpoaldean), biltegia eta pilotalekua. Bizilagunek lehenetsi zituzten beste proiektuak ere garapen fasean daude; udal ordezkariak eta auzotarrak elkarlanean ari dira, eta hurrengo esku-hartzea kanpoaldeko parkean burutzea aurreikusten dute.

Guztira, 348.198 euroko inbertsioa burutuko du udalak. Olatz Peon alkateak, «auzoa bizi mantentzeko, hau da, ekimenak bultzatzeko edota bizilagunen proiektuak garatzeko, zerbitzu egokia bermatuko duten eremuak eskaintzea ezinbestekoa dela» nabarmendu du. «Auzoarekiko apustu garbia izan da, aprobetxamendua bertan inbertitzeko konpromisoa betez. Eskertzekoa eta balioan jartzekoa da, proiektu guztietan auzotarrek izandako inplikazioa».

LAN URBANISTIKO GEHIAGO

2008an, Orubide erakunde publikoarekin sinatu beharreko hitzarmen urbanistikoa onartu zuen Tolosako Udalak. Hitzarmen horren helburua Amarotz auzorako aurreikusitako etxebizitza garapenaren baldintzak zehaztea zen. Batetik, udalari, legez zegokion aprobetxamendua auzoan bertan inbertitzea erabaki zen. Bestetik, sarrera-irteera eta ekipamendu berriak egiteari lehentasuna eman zioten.

Behin eginbeharrak Amarozko Auzo Elkartearekin adostuta, auzoaren sarrera-irteeren urbanizazio proiektua diseinatu eta exekutatu zen. 2018an aprobetxamendu hartatik geratzen zen diru kopurua zein hirigintza zuzkidurara bideratu erabaki zuten auzotarrek, Amarotzen gauzatutako herri galdeketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!