Antzinako ikuspegiak, gaur egungo obra bihurtuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 19a, 19:57

Kafkaren hainbat liburu oinarri hartuta, erakusketa ireki du Alberto Letamendik, 3 tabernan; ekaina amaitu bitarte ikus daitezke artelanak.

Alberto Letamendi Tolosan bizi den ordiziar artistak, Loturak vs lokarriak erakusketa zabaldu berri du Tolosako 3 tabernan. Hilabetea amaitu bitarte egongo da ikusgai. Pertsona bat irudikatzen duten eskultura txikiez eta pertsonaia horren izaera edo egoera ezberdinak irudikatzen dituzten koadroez dago osatuta.

«Loturak eta lokarriak deituriko serie batetik dator ideia, Kafkaren Proceso liburutik jasoa», dio Letamendik. Franz Kafka Pragan (orduan, Austria-Hungariako Inperioa) jaio zen 1883an, eta XX. mende hasierako idazle esanguratsuenetako bat izan zen Europan. «Hain justu, bere obra irakurtzen ari nintzela, burua makurtuta zuen pertsonaia bat irudikatzen nuen, zerbait aurkitu nahian edo irtenbide baten bila zebilen norbait». Horrela hasi zen serie hori bisualizatzen. «Loturak egiten hasi nintzen; batetik kanpokoak, bestetik, berriz, barrukoak».

Esan bezala, liburua irakurri bitartean irudikatu zuen pertsonaia Letamendik. «Zigor bat jartzen diote, berak zergatia ere jakin gabe. Ondoren, istorio osoa igarotzen du arrazoi baten bila. Azkenean, zigorra onartzen du, zer egin duen jakin gabe».

HEZURMAMITUTAKO ESKULTURAK

Zigorrak ezartzearena, gutxi gorabehera, egun gizartean gertatzen denaren isla dela dio. «Goitik esaten digutena onartzen dugu, zergatia galdetu gabe». Serie honekin, duela hiruzpalau urte hasi zen Letamendi. «Gainera, hemen ez dauden koadro gehiagorekin ere lotura dute, plano zenital batean agertzen diren pertsonaia batzuen irudiekin». Horiek, George Orwell idazlearen 1984 nobela irakurrita irudikatu zituen. «Aspaldikoak badira ere, bi obra horien egileak, eta baita beste asko ere, gaur egungo sortzaile bihurtu dira».

Koadroez gain, eskultura txikiak ere jarri ditu tabernan. «Oraingoz, hiru daude ikusgai, baina laster gehiago izango dira, nahiz eta jartzeko leku handirik ez egon. Dagoeneko, 9 egin ditut». Horiek sortzeko, antzeko bidea jarraitu duela aitortzen du. «AL (Alberto Letamendi) jaunari egindako keinu bat da. Kafkaren liburuetan K jauna agertu den moduan, bere liburuetan aurkitutako pertsonaia propio bat irudikatu nahi izan dut eskultura horien bitartez».

Eskultura bakoitzak bere izaera propioa duela dio, irakurritako liburuaren, pertsonaiaren izaeraren eta testuinguruaren arabera. «Horietako bat, esaterako, Metamorfosis liburutik atera nuen. Istorio horretan, pertsonaia bera intsektu bilakatzen da. Hortaz, eskulturak ere antzeko irudia du, zuloz eta berunez osatuta dagoelako». Gainera, bakoitzak bere prozesua duenez, horiek egiteko denbora tarteak ere aldatzen doazela dio. «Eskultura handiena egiteko, esaterako, hilabete igaro dut. Erretxinaz eta telaz osatuta daude. Aurpegia eta burua, gainera, pixkana egiten ditut, eskulturak ez duelako ohiko forma bat, makurtutako pertsona bat delako. Hortik aurrera, bakoitzari bere forma ematen saiatu naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!