"Egunerokoan daukagun giroa nabaritu da eta hor dago emaitza"

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 19a, 19:59

Bigarren Mailan jokatuko du berriz ere Julen Castañeda tolosarrak, Racing taldearekin denboraldi honetan igoera lortu eta gero.

Julen Castañedak (Tolosa, 1990) Santanderreko Racingekin Bigarren Mailara igoera lortu du bukatu berri den denboraldian. Hirugarren denboraldia egin du bertan eta beste bat falta zaio taldearekin hitzarmena betetzeko. Ibilbide oparoa darama tolosarrak futbolean. 13 urterekin sartu zen Realeko harrobian. Bost urte egin zituen Realeko bigarren taldean, eta lehenengo taldearekin denboraldi-aurrea egiten ari zela, Bigarren Mailako Ponferradina taldeak deitu zion. Han bi urte egin zituen. Zorte txarra izan zuen ondoren eta lesio batengatik sei hilabete geldirik egon zen. Gabonetako merkatuan Burgosera joan zen eta gero hortik egungo Racingera.

Pozik igoerarekin, ezta?

Bai. Racing talde handi bat da, eta presio handia duzu; denboraldi hasieratik esan ziguten helburua igotzea zela. Aurten lortu da eta oso pozik. Oso talde jatorra egin dugu, denak batera joan gara, eta azkenean emaitza ikusi da.

Nola izan da denboraldia eta lorpena?

Denboraldia oso ona izan da. Errege Kopan Europako talde baten kontra jokatu genuen. Gero ligan gure multzoko txapeldunak izan ginen ,eta borobiltzeko, gu izan ginen igoera faseko garaile eta Bigarren Mailako saria jaso dugu.

Bigarren B Maila ez da erraza izaten. Izan duzuen talde giroa garrantzitsua izan da, beraz, denboraldian.

Nik aurten askotan esan dut denboraldiko gakoetako bat egin dugun taldea izan dela, bai entrenamenduetan, bai zelaitik kanpo ere. Egunerokoan daukagun giroa azkenean nabaritu da eta emaitza hor dago.

Datorren denboraldia laugarrena izango duzu Racingen, egun duzun hitzarmeneko azkena. Nola aurreikusten duzu izango dela?

Ni jokalari oso langilea naiz, eta badakit datorren denboraldian gauzak gehiago zailduko direla, baina ni egunerokoan saiatuko naiz dudan onena ateratzen, eta gero misterrak aukeratuko du zeinek jokatu. Espero dut urte on bat izatea.

Orain bukatutako denboraldia, zuretzat pertsonalki, nolakoa izan da?

Oso kontentu nago. Jokalari guztietatik ni izan naiz minutu gehien jokatu dituena, eta horrek konfiantza ematen dizu, eta egunerokoan, entrenatzerakoan, laguntzen dizu.

Ezaugarri jakin batzuk eduki daitezke kirol bat egiteko, baina konfiantza izatea ere oso garrantzitsua da, ezta?

Bai, noski. Beti konpetentzia izaten da eta ez zaizunean tokatzen jokatzea, burua makurtzen baduzu, besteari errazago jartzen diozu. Ni saiatu naiz hasieratik nire onena ateratzen, eta azkenean emaitza hor dago, kontentu nago, horrela jarraitu dezala.

Zein posiziotan ari zara egun?

Azkeneko urteetan ezker alboko atzelari jokatzen nuen, eta aurten bajak izan direla eta, erdiko atzelari jokatzea ezkerretik ere tokatu zait. Bi postutan jokatzeak aukera gehiago ematen dizu hamaikakoan egoteko.

Eta nola ikusten duzu zure burua erdiko atzelari bezala?

Nahiko ondo. Entrenatzaileak hor jarri zidan behin proba egiteko, eta azkenean 11 partida egin ditut posizio horretan. Gazteago nintzenean abiadura handiagoa nuen, eta orain, eskarmentuarekin, kolokazio hobea dut. Erdiko atzelari bezala ondo moldatzen naiz, eta gustura aritzen naiz.

Hainbat taldetan izan zara. Racingera iritsi zinenean ikusten zenuen aukerak zenituztela igotzeko?

Bai, Racing beti izan da talde handi bat eta Bigarren Mailara igotzeko talde txiki batek baino aukera gehiago ditu. Hemen masa soziala oso handia da, hiria oso futbolzalea da, eta denen laguntzarekin errazagoa da dena.

Datorren denboraldian hitzarmena bukatzen zaizu. Nola ikusten duzu hortik aurrerakoa?

Egia esan horretan ez naiz ari pentsatzen. Orain nahi dudana da deskonektatu, hiru aste bakarrik ditugu eta. Hurrengo denboraldian kontratua bukatzen da eta pentsatu beharko da zer egin aurrerantzean. Baina egunerokoan lana egin eta gero ikusiko da.

Taldearen helburua zein izango da datorren urterako?

Nik uste dut lehenengo gauza Bigarren Mailan egonkortzea dela. Bigarren Mailako aurrekontu txikienetakoa izango dugu, eta ni uste dut helburua mantentzea izango dela.

Bigarren Mailan esperientzia baduzu Ponferradinarekin.

Maila horretan talde gehienak oso paretsuak izaten dira eta beti izaten dira hiru Lehen Mailatik jaisten direnak eta aurrekontuarengatik talde majoa egiten dutenak. Baina talde txikiek arazoak jartzen dituzte. Guk espero dugu El Sardineron, gure zelaian, puntu asko ateratzea, eta askorentzat gogorra izatea hemen irabaztea.

Ikusten duzu aukerarik etorkizunean euskal talde batean aritzeko edo Lehen Mailan jokatzeko?

Egia esatea nahi baduzu, orain ez dut ikusten horrelakorik. 23 edo 24 urterekin behar bada, baina 29 urte betetzera noa eta geroz eta zailagoa egiten da pauso hori ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!