Errege Kopa jokatzeko sailkapena, gertuago

Ataria 2019ko eka. 17a, 19:59

Ariznabarrari irabazita, lehen koska gainditu du Tolosa CFk Errege Kopan sartzeko.

Gustura amaitu dute mutilen Tolosa CFko talde nagusikoek denboraldia. Ligan Hirugarren Mailara igo ondoren, orain Errege Kopa jokatzeko aukera gero eta gertuago dute. Lehen koska gainditu dute, igandean Ariznabarra taldeari irabazi, eta Hirugarren Mailara igo direnen EAEko ordezkari bihurtuta. Hurrengo koska sailkapen fasea izango da. Hor Hirugarren Mailara igo direnen hogei talde daude, tartean Tolosa, eta hamar taldek egingo dute aurrera, Errege Kopa jokatzeko.

Ander Avellaneda taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, oraindik ez da zozketarik egin, baina badakite geografikoki gertuko talde bat izango dela. «Kanporaketa hori gaindituz gero, Errege Kopako lehen kanporaketa jokatuko genuke, abenduaren 18an, partida bakarrera. Berazubin jokatuko litzateke, eta geografikoki gertu dagoen talde baten aurka izango dela zehaztuta dago oinarrietan. Baita Lehen Mailako edo Bigarren Mailako talde bat izango dela ere, baina, Bigarren Mailako talde euskaldunik ez dagoenez, Lehen Mailan dagoen bost talde euskaldunetako bat izango litzateke».

Denboraldi berezia izaten ari da Tolosarentzat. Eta hurrengoa are bereziagoa izan daiteke, Avellanedak azaldu duenez: «Datorrenerako, gure helburua izango da, batez ere, herriko jendearekin Hirugarren Mailan mantendu eta hor egonkortzen hastea. Eta Errege Koparena sari berezia izan daiteke. Ilusio handia sortuko die, bai jokalariei, bai klubari eta baita herriari ere».

Igandean, Ariznabarraren aurka irabazi beharra zuen Tolosak, EAEko ordezkaria izateko. «Ez ginen ondo sartu partidan, baina, gero, bigarren zatian, taldeak sinetsi zuen eta partida aurrera atera genuen», esan du Avellanedak. Partida horren ondoren denboraldia bukatu dute. Jokalariak oporretan daude, eta talde teknikoa datorren denboraldia prestatzen ari da. «Taldean jarraituko ez dutenak nola ordezkatuko ditugun ikusi behar dugu. Denboraldi-aurrea uztailaren bukaeran hasiko da eta, bitartean, ondo etorriko zaie jokalariei atseden hartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!