Tolosako Sanjoanak 2019

San Joan usaina hartu dute kirol jarduerek

Ataria 2019ko ekainaren 15a

Tolosako txoko guztiak kirol jarduera ezberdinez bete dituzte. Berazubin, Urtzi memoriala futbol txapelketa eta Gainditzen elkartearen padel txapelketa jokatu dira. Usabalen eskubaloia izan da protagonista eta Alondegia plazan 3x3 saskibaloi txapelketan aritu dira gaztetxoenak.

Sanjoanetako suziria jaurti gabe badago ere, festa usaina hartu du goizean goizetik Tolosak. Kirol txapelketak jokatu dira goizean zehar, eta arratsaldean ere izango da festaren jarraipenik.

Berazubin, Urtzi Gurrutxaga zenaren aldeko futbol txapelketa jokatu dute. Arratsaldean jokatu dute finala, 18:00etan. Horrez gainera, Gainditzen elkarteak antolatuta, padel txapelketa egin dute pistetan, eta guztira hamar lagun inguru aritu dira lehian.

Usabal kiroldegian, berriz, eskubaloi txapelketa jokatu da Tolosa CF Eskubaloi taldearen eskutik. Kiroldegiko bi kantxetan aritu dira goiz guztian zehar partiduak jokatzen.

Bestalde, Tolosako erdigunean ere izan da zer ikusirik. 3X3 saskibaloi txapelketa antolatu du TAKEk, eta goizeko saioak Alondegia plazan izan dira. Arratsaldeko partidak, berriz, San Frantzisko pasealekuan izan dira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!