Targazki elkartearen erakusketa zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 15a, 16:02

Tolosa Herria 2019 argazki lehiaketako hainbat irudi ikusgai jarri dituzte Kasino elkartean. Eguerdian egin dute inaugurazio ekitaldia, eta sariak ere banatu dituzte.

Seigarren urtez jarraian antolatu du Targazki elkarteak Tolosa Herria argazki lehiaketa. Aurkeztu diren hainbat irudirekin erakusteka jarri dute Kasino elkartean, eta goizean egin dute inaugurazio ekitaldia. Sariak banatu eta mokadutxoa egiteko elkartu dira.

Aurten, 325 parte hartzailek aurkeztu dituzte beraien lanak lehiaketara. Horietatik, 48 tolosarrak ziren, eta Argentina, Alemania eta Malaysiatik ere jaso dituzte lehiaketarako argazkiak. Gutxi gorabehera, 1.200 argazki inguru epaitu behar izan dituzte. Aurten, Jose Maria Arrigain, Marijose Cueli eta Oskar Manso izan dira epaimahaia osatu duten kideak.

Lehiaketako sari nagusia Jesus A. Mesak eskuratu du; bigarren egin du Manu Barreriok, eta Hector Abelari egokitu zaio hirugarren saria jasotzea.

Tolosarren artean ere, sariak banatu ohi dituzte, eta aurten, Javier Zabalak jaso du lehen saria, Javier Ortizek bigarrena, eta hirugarren saria Asier Garagarzarentzat izan da.

Gazteen mailan, berriz, Marta Lopez izan da lehen saritua, Itsaso Andueza bigarrena eta Maddi Davilak hirugarren saria eskuratu du.

Erakusketarako hautatu diren argazki guztiak ikusgai jarri dituzte Kasino elkartean. Astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta larunbat, igande eta jai egunetan, 11:30etik 13:30era.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!