Errege Kopa jokatzeko, lehen finala

Ataria 2019ko ekainaren 14a

Tolosa CF gizonezkoen talde nagusiak Hirugarren Mailara igoera lortu du aurtengo denboraldian, eta horrek aukera bat ireki die: Errege Kopa jokatzea. Espainiako Futbol Federazioak hala erabakita, Hirugarren Mailara igoera lortu duten taldeek sailkapen fasea jokatzeko aukera dute. Erkidegoko txapeldun geratzen diren 20 talde ariko dira lehian, abuztuan edo irailean.

Sailkapen fase horretara iristeko, beraz, Tolosa CFkoek lehenbizi EAEko txapeldunak izan behar dute. Tolosa CF, Gipuzkoako ordezkari moduan, Urduliz Bizkaiko ordezkariarekin eta Ariznabarra Arabako ordezkariarekin hiruko txapelketa jokatzen ari da, eta igande honetan erabakiko da zein geratzen den garaile. Berazubin jokatuko dute Tolosak eta Ariznabarrak, 16:30ean hasita. Arabarrek ez dute aukerarik EAEko garaile izateko, eta Tolosak irabaztea beste aukerarik ez du, txapeldun izan eta hurrengo fasera pasatzeko. Izan ere, Urdulizen aurka berdindu egin zuen Tolosak orain bi aste, eta penaltiak jaurti zituzten, puntuetara berdinketa izanez gero, txapelduna zehazteko, eta Tolosak irabazi zuen. Aurreko astean Urdulizek Ariznabarrari irabazi zion.

Tolosak, EAEko garaile geratuz gero, Hirugarren Mailara igo diren taldeetako baten kontra jokatuko du sailkapen fasea. Eta, hori gaindituz gero, Espainiako Kopako zozketan sartuko litzateke. Zozketa horretan, Europako txapelketarik jokatzen ez duten Lehen Mailako taldeak eta Bigarren Mailako taldeak sartuko lirateke. Errege Kopako lehen kanporaketa talde txikiaren zelaian jokatuko dute, eta partida bakarrera. Tolosa horraino iristen bada, Reala, Athletic, Alaves, Eibar edo Osasuna Berazubira etor daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!