Usabal kiroldegia, udako kanpainari ekiteko prest

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 14a, 15:59

Udako ikastaroetan izena emateko aukera dago oraindik; bestalde, bihar irekiko dituzte kanpoko igerilekuak.

Egunak gauak baino luzeagoak izaten hasten direnean, ohikoa da eguzkiaren presentzia nabariagoa izatea. Hori dela eta, ekainean sartzearekin batera, giro sargoria nagusitzen da eta, horren aurrean, gorputza freskatzeko hautua egiten dute askok. Bide horretan, beste urte batez, udako kanpainari emango dio txanda Usabal kiroldegiak. Hilaren 25etik aurrera, ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute haur nahiz helduek.

Guztira 30 ikastaro izango dira; 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzako 16 jarduera ezberdin, eta 16 urtetik gorakoentzako, berriz, 14. Aurten, ekainaren 25etik 28ra bitarte, astebeteko txanda izango da eta, ondoren, uztailetik aurrera, hamabostaldikoak izango dira. Helduen ikastaroak, berriz, hilabetekoak izango dira, astean bi saiorekin. 


Honako jarduera hauek izango dira, besteak beste, kiroldegian egin ahal izango direnak: igeriketa, aquafitness, jumpfit, pilates, zumba, desafit, k-stretch, body pump edota cycling-a. Bestalde, Usabaldik kanpo bestelako kirol ekintzak praktikatzeko aukera izango dute herritarrek. Ferialekuan hondartza bolei ikastaroak izango dira eta Berazubin, berriz, Kfit edo padela praktikatzeko aukera izango da.

Izen-ematea zabalik dago oraindik. Kiroldegian bertan, 943 53 64 00 telefono zenbakira deituz, kiroldegiaren Facebook orrialdearen bitartez edota www.usabalkiroldegia.com webgunean eman dezakete izena bazkideek. Bazkideak ez direnek, berriz, Usabalen eman dezakete izena, ordainketa eginez. Ikastaroen eskaintzaren eta ordutegien inguruko informazio guztia webgunean aurki daiteke.

Aurten, itzalgune gehiago Usabalgo igerilekuan

Aurtengo udari dagokionez, bihar zabalduko dituzte kanpoko igerilekuak eta, horrekin batera, berdegunea ere. Irailaren 23ra bitarte egongo dira zabalik, 10:00etatik 21:00etara. Aurten, gainera, bada berrikuntza bat. Izan ere, eguzkitako gehiago jarri dituztenez, itzalgune gehiago izango dira igerilekuak inguratzen dituzten belazeetan. Eguzkia gehiegi maite ez dutenak, beraz, lasaiago egon daitezke.

Horrez guztiaz gain, eta erabiltzaileen mugikortasuna errazteko, bizikletak eta bestelako ibilgailuak aparkatzeko eremua egokitu dute. Kiroldegitik gogorarazi dute, dagoeneko goiko solarium gunean hamaka eta aulkiak eskuragarri daudela, eta uda amaitu bitarte eremua zabalik egongo dela, eguzkia hartzeko aprobetxatu nahi dutenentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!