"Tolosako musikarien lorbidea eta askotan sorleku ere izan da, eta Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolako musikarien jarraipen gune. Urtean zehar emanaldi ugari eskaintzen dituzte guztion gozamenerako, baina bereziki indar berezia hartzen dute inauteri zein sanjoanetan. Bada, San Joan eguneko soinu-banda txistulariek jartzen dute, Musika Bandarekin batera. Urteetako ibilbidearen aitortzan, Udal Txistulari Bandak jaurtiko du suziria” esan du jarduneko alkateak San Joan Jaien aurkezpenean.
60 ekintza izango dira Tolosan sei egunetan. Bihar eta etzi, gehienak kirolari lotuak, eta 21etik aurrera, hau da, txupinazoaren ondoren, jaien bizkar-hezurra. Musikarien suziria botatzea ez da kasualitatea aurten, izan ere, inoiz baino musika ekitaldi gehiago izango dira sanjoanetan, Olatz Peonek azaldu duenez: "Olatz Salvador, Urko, Izaki Gardenak, Bad Sound Sistem, Willis Drummond, Tximeleta edota Isidro Larrañaga akordeoilaria. Horiek, beste hainbaten artean. Baita, noski, Udal Musika Bandaren emanaldiak eta Txistularienak ere".
Haurrek beren espazio propioa izango dute egunero. Nabarmentzekoa, Zumardiandian duela lau urtetik antolatzen den jaialdia. Aurten naturan oinarritutako zientzia-esperimentu didaktikoak izango dira. Baita, Beantatuz Nazioarteko Arte Jaialdiarekin elkarlanean, mural margoketa bat ere. Noski, Haurren Hiria egitasmotik eratorritako San Joan su txikiak ere jarraipena izango du.
Helduek, iaz hasitako bideari jarraituz, euren eguna izango dute, ekainaren 21ean bazkari eta guzti.
Kuadrilla egunean 1.600 lagun elkartzea espero dute, 110 kuadrillen parte hartzearekin. Hauen suziria Nerea Eizagirre Realeko futbol jokalariak jaurtiko du. Ekainaren 22an izango da hori, eta 23an eta 24an 1.500 eskopetari ibiliko dira Tolosako kaleetan barrena.
Aurtengo jaiek 134.034 euroko aurrekontua dute, Peonen esanetan: 43.475,30€ gaueko musika emanaldietan; 23.723,63€ eguneko musika emanaldietan; su festan 5.500€; 2.971€ dantza emanaldietan; 1.700€ herri kiroletan; 2.154€ eliza loreztatzeko; 14.431€ haur ikuskizunetan; 14.832,54€ eskopetariak; Koadrilla eguneko azpiegituretan 7.582,09€; 5.505€ megafonia instalazioetan; 3.000€ egileen eskubideak; eta 9.139,08 bestelako gastuetan.
Jai parekideak jomuga
'Tolosak, EZETZ' kanpaina jarri du abian udalak. Bi urte dira Sexu-erasoak herriko jaiegunetan: Udal zerbitzuen betebeharrak protokoloa prestatu zuela Tolosako Udalak. Aurten ere, eragile guztiei zabaldu zaie, honelako ekintzaren bat jazoz gero, udalak zer nolako gidalerroa izango duen jakin ahal izateko. Indarkeria matxistarik gabeko herri batel alde gida kaleratu da ere jaiaren parte diren eragileen eta herriko sektore ezberdinen artean, horrelako kasu baten aurrean zer nola jokatu jakiteko. Bestalde, Puntu lilak eta Tolosak ezetz kartela banatu dira komertzioetan eta tabernetan. Herrian zehar dauden panel informatiboetan ere Tolosak ezetz kartelak ezarri dira, kasuren baten aurrean telefono erabilgarriak barne hartzen dituena. Horrez gain, Joka sano pegatinak banatuko dira Kuadrilla egunean eta eskopetarien artean. Gune publikoetan ere eskuragarri egongo dira.