Urtzi Gurrutxagaren oroimenez, futbolean

Imanol Garcia Landa 2019ko eka. 14a, 11:58

Urtzi Gurrutxagaren 6. Futbol Memoriala jokatuko dute, bihar, egun guztian zehar, Tolosako Berazubi zelaian. Alebin mailako 16 talde ariko dira lehian, eta Tolosa CFtik deia egin diete herritarrei, txapelketa ikustera joateko.

Txapelketaren aurkezpenean hitz egin zuen Haritz Doyharzabalek, egun Tolosa CFko zuzendaritzako kidea eta Gurrutxagaren lehengusua: «Bost urte eta erdi dira Urtzi joan zela eta, txapelketa honen bidez, futbolean jokatuz, gogoan dugu».

Udaleko ordezkari gisa, Patxi Amantegi eta Christian Fernandez zinegotziak izan ziren aurkezpenean. Azken honek, udalaren izenean Tolosa CFri eskertu zion txapelketaren antolaketa, eta gogora ekarri zuen parte hartuko duten taldeen maila. Bide batez, herritarrei ere «harmailak betetzeko» deia egin zien, eta parte hartuko duten gaztetxoak anima ditzatela eskatu zien.

Txapelketaren hasiera 09:30ean izango da. Lau taldeko lau multzo egingo dituzte eta, goizeko fasearen ondoren, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek aurrera egingo dute, eta arratsaldeko kanporaketak jokatuko dituzte. Finala 18:00ak aldera izango da eta, gero, Urtzi Gurrutxagaren senideek parte hartuko dute sari banaketan. A taldean Reala, Beasain, Intxurre eta Euskalduna izango dira. B Taldean Tolosa A, Beti Kozkor, Real Union eta Ordizia. C taldean Tolosa B, Bergara, Zarautz eta Lazkao. Eta D taldean, Tolosa C, Aretxabaleta, Urola eta Martutene.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!