Jatetxe famatu hori Mies van der Rohe arkitekto alemaniarrak 1958an burututako Seagram eraikinaren behe oinean kokatuta dago. Eraikina amaituta zegoela, bertan goi-mailako jatetxe dotore bat jartzea erabaki zuten eta Mark Rothko pintoreari hura apaintzeko hormakoak enkargatu zizkioten. Lana jada hasia zuela, Europara bidai bat egin eta, itzultzean, bere lanak ikusgai izango zituen jatetxera afaltzera joan omen zen. Ondoren erabaki zuen, bere koadroak bertan inoiz ez zituela zintzilikatuko.
Jatetxerako, 30 koadroz osatutako sail bat marraztu zuen, bertan zazpi besterik sartuko ez liratekeen arren. Gaur egun, mundu osoan zehar sakabanatuta daude: New Yorken, Washingtonen eta Japonian, besteak beste.
Antzezlanak gertakizun horren gakoak trebetasunez iradokitzen ditu: artista, artelana eta ikuslearen arteko erlazio gazi-gozoa, artea sortzeak artistarengan eragindako sufrimendua, eta artistak duen gizartearen onespen beharra.
Bereziki gustuko dut artista hau, artea bere osotasunean sentitzera behartzen gaituelako. Koadro figuratiboak irudiak dituztenak askotan bere analisia egitera bultzatzen gaituzte: ardatzen kokapena, irudiaren garrantzia, koloreen kromatismoak koadroaren orekan duen ardura...
Baina Rothkoren koadroak hain dira abstraktuak, azkenean gordinak eta bortitzak suertatzen direla. Ez dute heldulekurik eta, beraz, ezagutza ez da hura ulertzeko baliabide egokia. Horregatik, arteaz ezer ez dakienarentzat, interesik ez duenarentzat, edo ulertzen ez dutela esaten dutenentzat ere erakargarriak dira.
Eta horrek liluratzen nau, Rothkoren arteak eta orokorrean abstrakzioak guztiak berdintzen gaituelako, aurreiritziek lekurik ez dutelako, eta Rothkoren koadro batek, behin eta berriro, artea zer den galdegiteko gaitasuna duelako.
Inongo erreferentziarik gabe, gure sentimenduak astintzen dituzte, beste guztia alboratuz.