Alzheimerra edo beste dementzia bat duten pertsonen zaintzarako bi tailer

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 13a, 15:58

Buru Bihotzez Elkarteak antolatu du ekimena, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastola eta Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuaren laguntzarekin. Lehen tailerra ekainaren 27an izango da eta bigarrena, uztailaren 4an.

Alzheimerra edo beste dementzia bat duen pertsona baten egunerokotasuna kudeatzen, eta bere zaintza pertsonalari arreta jarri nahi dion zaintzaileei dago zuzendua ekimena. Antolatzaile lanetan Buru Bihotzez Elkartea ari da, beti ere, Inmakulada eta Tolosaldea LH-ren laguntzarekin. Tailerrak dohainik dira. Zaintzaileentzat zuzendurik daudenez eta ordutegi arazoak ekiditeko, gaixoarekin tailerretara joan ahalko da, zaintza zerbitzua jarriko baitute ikastaroak irauten duen bitartean.

  • Lehen tailerra ekainaren 27an burutuko da, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. 16:00etatik 19:00etarako ikastaroa izango da. Ondorengo gaiak landuko dira: -Alzheimer gaixotasuna eta beste dementziak: berdintasunak eta desberdintasunak; - Galdera bera behin eta berriz egitea, agresibitatea, loaren asaldurak, ezinegona, noraezean ibiltzea... jokaera guzti hauen kudeaketarako estrategiak. Formatzaileak, aldiz, ondorengoak izango dira: Igone Etxeberria psikologia doktorea; Jose Manuel Martinez medikua eta Maria Erdozain psikologoa.
  • Bigarren tailerra uztailaren 4ean burutuko da, hau ere, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. Ordutegia, 16:00etatik 19:00etarakoa izango da. Jorratuko diren gaiak ondorengoak izango dira: Komunikazioa dementzia duen pertsonarekin: elkar ulertzeko gakoak; dementzia duen pertsonaren eguneroko zaintzan autonomia nola sustatu: higienea, janztea, elikadura... eta egunerokotasunean autonomia sustatzeko edo zaintzarako erabiltzen diren esku-hartzeak. Formatzaileak, lehen tailerreko hiru adituak izango dira bigarrengoan ere.

Izen ematea

Doako bi tailer horietan izena emateko aukera desberdinak daude: Inmakulada ikastetxean bertan edo 943 67 36 29 telefono zenbakira deituta.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!