Udal eraikin sozio-kulturalak berrantolatuko ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 12a, 19:57

Besteak beste, Iturritza jauregian euskalgintzako elkarteen gunea eta kultur etxean liburutegia kokatzea adostu zuten, aparteko osoko bilkuran.

Pasa den asteko asteartean ospatu zen, Tolosako udaletxean, ekaineko aparteko osoko bilkura. Bertan, udal eraikinak berritu eta erabilerak antolatzeko irizpide orokorrak jasotzen dituen egitasmoa onartzea zen puntuetako bat. Hain justu, Tolosatzen parte hartze prozesutik abiatutako Udal Ekipamenduen azterketa gauzatu zuen, aurrez, Hiritik at kooperatibak, eta diagnostiko horren emaitzak jakitera eman zituzten. Udalbatzak, aho batez onartu zuen udal eraikinak berrantolatzeko plangintza.

18 gune eta 33 zerbitzuren fitxa teknikoekin, katalogo bat osatu zuten, horietan garatzen diren jardueren azterketa zehatzarekin, egun duten egoera eta zerbitzuak azalduz, eta etorkizuneko aukerak aurreikusiz. Eraikinek dituzten beharrak eta 10 urteko epean sor daitezkeenak ere bildu dituzte. Hiritik at enpresak, proposamen berri bat aurkeztu zuen, espazio horiek optimizatu, erabilera hobetu, eta tolosarrei alternatiba berriak eskaintzeko.

HIRU BLOKETAN

Bi urtetako lanari esker, arazo nagusi gisa identifikatu dira eraikinen egoera zaharkitua, gain-okupazioa, azpi-erabilera eta koherentzia falta. Horrela, hiru bloketan sailkatu dituzte eraikinak: leku aldaketa behar dutenak, hobekuntza behar dutenak eta arazorik ez dutenak.

Ondorioz, zortzi eraikin estrategiko berrantolatzea onartu zen. Hitzaren Etxean (orain arte, kultur etxea), liburutegia eta erabilera anitzeko aretoa ezarriko dira. Gorosabel Zaharra eraikinean, kultur baliabideak (egun, kultur etxean), musika eskola eta Aitzol Euskaltegia egongo dira. Aranburu jauregian, erakusketa gela, udal bulegoak eta artxiboa ezarriko dituzte. Errotan, Bidaiarien Txokoa eta Gazte Topagunea bilduko dituzte. Abastos eta Emeterio Arrese guneetan, elkartegintza eta parte hartzea sustatuko dute. Ferialekuak, kirol jarduerak eta erabilera anitzeko gune bat hartuko ditu. Ferialeku ondoko Unipapelek, gaur egungo erabilerarekin jarraituko du, eta industria sortzailerako espazio bat izango du. Azkenik, Euskararen Etxea izatera igaroko da Iturritza jauregia, euskalgintzako elkarteentzako gunea.

Eraikin horien izaera, programa arkitektonikoa, kudeaketa eredua, jardueren aldaketak, bide orria, aurrekontua eta parte-hartzaileak izan dituzte kontuan. Alderdi guztiek, esker hitzak izan zituzten prozesuan parte hartu duten guztientzat.

BELLOTA PABILOIKO KONTRATUA

Bestalde, batetik, hainbat kreditu aldaketen espedienteari buruzko Alkatetza Dekretuen berri eman zen, eta itxitako ekitaldiko fakturak eta 2019ko diru-laguntzen eranskina aldatzeko proposamena onartu ziren.

Azkenik, 2019/1 erreparoa onartu zen. Inauterietako karrozak gordetzeko azken urteetan erabili den Bellota pabiloiko kontratua berritzeari dagokio. Abenduan amaitu zen hitzarmena, eta berritzeko, lizitazio bat beharrezkoa izango dela gogorarazi zuen oraindik aktiboki alkatea den Olatz Peonek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!