Enpresen lehiakortasuna sustatuko du udalak, diruz

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 11a, 11:58

Hilaren 30a bitarte aurkeztu daitezke, udalean, diru laguntzak jasotzeko proposamenak. Zientzia eta teknologia alorreko ETEei zuzendua dago.

Sektore industriala da Tolosako enplegu sortzaile nagusia, batez ere, enpresa handiei zerbitzua eskaintzen dieten enpresa txiki eta ertainak (ETE). Behar hori ikusita, enpresen lehiakortasunerako diru laguntzaren ordenantza sortu zuen iaz udalak, eta orain bigarren deialdia argitaratu du. Horrela, Apatta industriaguneko 50 langile baino gutxiagoko enpresen jarduera sustatuko du. Hilaren 30a bitarte aurkeztu daitezke proposamenak. 15.000 euroko mailegua ezarri da, bertako enpresen berrikuntza indartu asmoz.

Zientzia eta teknologien alorrak lehenetsiko dira. Eskatzaile bakoitzari emango zaion diru laguntzaren gehienezko zenbatekoa ezingo da izan proiektuaren kostuaren %75a baino handiagoa, ezta 3.000 eurotik gorakoa ere. Lehiaketa bidez esleituko dira, eta Ekonomia Garapenaren saila arduratuko da prozesuaz.

Olatz Peon funtzioetan alkateak esan du, industria-jardueren lehiakortasunari balio erantsi handiko zerbitzu eta produktuekin eutsi ahal izateko, beharrezkoa dela enpresetan berrikuntza sustatzea, «ikerketaren bitartez, ezinbestekoa da garapenari heltzea, soluzio berri eta eraginkorrei bide emango dieten proiektuak sortuz. Aldi berean, Lanbide Heziketak dakarren jakintza eta gaitasuna garrantzitsuak dira, etorkizuneko langile kualifikatuak prestatzeko. Gainera, industria eskumena Eusko Jaurlaritzarena bada ere, urrats ugari eman ditugu, tartean, Emari gunea». Eskabideari, dokumentazioari eta deialdiari buruzko informazioa, www.tolosa.eus webgunean kontsulta daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!